"Garapenerako bidean dauden herriak", auzokoen garapenak zapaldutako herriei adituek ematen dieten izena da

Eduardo Galeano

Hemen zaude

“EL FILTRO”: 23 urte borrokan

Hunkigarria izan da Uruguaiko herri borrokalariarekin elkartzea eta bere elkartasuna jasotzea, 23 urte atzera euskal errefuxiatu politikoek ozenago jaso zuten bezala. “El Filtroko” martxaren antolaketa lanetan egon gara, Plenaria Memoria y Justicia-ko kideekin batera, herriaren memoria berreskuratze lanetan eta inpunitatearen kontrako salaketetan borrokalari sutsuak ditugu. Propaganda lanetan oso aktiboki parte hartu dugu, martxara joateko deialdiak eginez, Filtro-ko gertakariak zabalduz, Gernika 1994 dokumentala proiektatuz (https://www.youtube.com/watch?v=XKLEyb7ZiG0), irratsaio ezberdinetan parte hartuz, baita txarla asko eginaz. Hauetan Euskal Herriaren gatazka politikoaren, historiaren eta egoera berriaren nondik norakoak jakiteko irriketan zeuden uruguaiarrak gerturatu ziren, batez ere jende gaztea. Fakultate eta institutu askotan izan gara txarlak ematen. Hau oso garrantzitsua iruditu zaigu, azken finean gazteak direlako borroka honen sua piztuta mantenduko dutenak. Hauetako asko, 1994an oraindik jaio ez baziren ere, edo gu bezala, gazteegiak baziren ere gertakari hauek ezagutzeko, miresgarria da borroka hau berea egiten dutela ikusteak, guk gurea egiten dugun moduan. Potentzial handia dago ikasleen artean, eta horretan dabiltza, indar guzti hori bideratzeko lanean.

Errepresioari nola egiten dioten aurre ikusi dugu ere. Liceo Bauza-ko ikasleek, eraildakoen omenez antolaturiko egitaraua debekatu zuen ikastetxeko zuzendaritzak. Mehatxuen aurrean gazteak ez ziren kikildu, kalera atera eta errepidea moztu zuten. Han burutu genuen E.H.ri buruzko hitzaldia eta “El Filtroko” erakustaldi txikia, lege arrotzei intsumisioa eta desobedientzia praktikan jarriz ikasleria ederki antolatu zelarik. Hau ez da errepresio kasu bakarra izan. Martxaren kartelak jartzen ari ziren 3 gazte atxilotu zituen poliziak, epaitegira 100 lagun inguru gerturatu ginen beraien askapena aldarrikatuz. Azkenean aske utzi zituzten eta kasua artxibatu zuten.

Hauxe da txarla guzti horietan behin eta berriz errepikatu izan den kronika odoltsua: 1992an 30 euskal herritar inguru atxilotu zituen polizia uruguaiarrak, hauetatik 10 sartu zituzten kartzelan, eta espainiako gobernuak, Felipe González buruan zelarik, 5 presoen estradizioa eskatu zuen. 3 izan ziren azkenik Uruguaiko estatuak estraditatzea onartu zituenak. 1994ko abuztuaren 1ean, Uruguaiko estatuak, Mikel Ibañez, Jesus Mari Goitia eta Luis Lizarralde euskal errefuxiatu politikoen estradizioa agindu zuen. Hauek Filtro ospitalean ingresatu zituzten estradizioa ekiditeko hasi zuten gose greba zela eta. Arratsalde berdinean ospitalearen inguruan batu ziren milaka uruguaiar errefuxiatuei elkartasuna adierazteko. Poliziak gogor ekin zion protestaren kontra, Fernando Morroniren 12 tiroz erailez. Ondoren Roberto Facal eraila agertu zen bere etxetik ateratzen. Ehunka zauritu utzi zituen poliziak. Gaur egun bi herrialdeen arteko elkartasuna eta memoria ezin dira urratu.

Manifestazioa oso zirraragarria izan zen. Sarraskia gertatu zenetik, urtero gogoratzen dituzte gertakariak Montevideon abuztuaren 24ean. Plenaria, Memoria y Justicia erakundeak, “El Estado dispara la memoria resiste” izenpean deituta. Memoria historiko Uruguaiarren defentsan lan egiten duen erakundearen hitzetan, “oraindik inpuneak diren Luis Alberto Lacalle eta Angel Maria Gianola - Uruguaiko presidentea eta barne ministroa gertakarien momentuan-, estatu espainiarra, estatu uruguaiarra eta erantzukizunak dituzten identifikatu guztiak, herri honek epaitu behar dituela. Justiziarik ez dagoelako, baina memoria badela bai”. Ikasle erakundeek eta sindikatu ezberdinek parte hartu zuten. Norma Morroni, Fernando Morroniren ama, han izan zen ere noski. Bere osasun egoera dela eta lehen urtez kotxean joan behar izan bazuen ere, betiere pankartaren aurrean. Norma ezagutzea, ohore bat izan da, duintasuna ezagutzea izan da, borrokan jarraitzeko indar dosi erraldoia. Gure bihotzetan betiko lekua gordeko dioguna. Han izan zen ere Josu Lariz euskal errefuxiatu politikoa, Uruguain erbesteratua El Filtro-ko garai haietatik. Polizia uruguaiarrak hainbat alditan atxilotu zuen baina inoiz ez zuten espainiar estatura estraditatu. Berarekin partekatutako momentuak eta bere kemena ez ditugu inoiz ahaztuko.

Martxa Filtro ospitalearen parean amaitu zen. Han antolatzaileek irakurketa egin ondoren, Askapenaren idatzi bat eta Etxeraten beste bat irakurri genituen. Gure brigadaren partez hitz batzuk eskaini genituen ere, herriekiko elkartasuna ahaztu gabe, Fernando eta Robertoren memoria ahaztu gabe, Argentinar poliziak desagertutako Santiago Maldonado ahaztu gabe, eta noski, preso eta errefuxiatuak ahaztu gabe.

GORA FERNANDO! GORA ROBERTO!
GORA URUGUAIKO HERRI BORROKALARIA!
GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA!

Gehitu iruzkin berria