Zatozte borrokara eta bat egin bataila luze honetan litekeen kausarik zintzoenaren alde: gizon-emakumeen askapena

Bob Dyle

Hemen zaude

Apurtu kapitalaren Europa!

Euskal Herria bi estatu kapitalistaren zapalkuntzapean bizi dela gutxik ukatzen du, oinarri ezkertiar eta abertzaleetan. Hala ere, begirada Europara zuzenduta, miopiaren dioptriek ez digute uzten ikusten Europar Batasunaren benetako aurpegia; zapaltzen gaituzten Estatuek darabilten egiturarena, hain zuzen ere. Begirada zorroztuz gero, argi ikusiko dugu, ordea, Estatu kapitalista horien interesak defendatzeko Europako burgesiak sortutako eta yankiek finantzatutako egitura politiko ekonomiko eta militarra dela. Gutxiengoaren interesak defendatzeko, esplotazioan oinarritutako egitura zapaltzailea, beraz. Antidemokratikoa, kapitalista, inperialista, xenofoboa, arrazista, matxista, eta abar luze bat.

Hala, herriok ez dugu burujabetzarik, egun. Ez dugu gure klase interesak defendatzeko tresna egokirik, eta gure artean borrokatzera bultzatzen gaituzte, bai gerra inperialistetan, bai gure herrietan, xenofobia, arrazismoa eta lehiakortasuna sustatuz. Eliteek zapaldurik nahi gaituzte, geldi eta isilik, burujabetzarik gabe, geure baliabideen kontrolik gabe. Ondo dakitelako herriok eta langileok burujabetza eskuratzen badugu, haien estrategiak huts egingo duela.

Ez dugu egoera xamurra Europan. Langileon esplotazioak pobrezia normalizatzen du gure auzoetan, eta subordinaziora kondenatzen gaitu. Kontrolak eta errepresioak goraka jarraitzen du, herritarrok estrategia kapitalistari kolperik eman ez diezaiogun eta sistemak nahi bezala funtzionatzen jarrai dezan, ordenan, zuzen, herritarron askatasunaren kaltera. Arrazismoa eta xenofobia areagotzen doaz ultraeskuinarekin batera, eta itsasoak geroz eta hildako gehiagoren hilerri bilakatu dituzte. Hori gutxi balitz, 3 urtez luzatzen ari den Donbasseko gerra dugu Ekialdeko Europan.

Hala ere, krisian dago Europar Batasuna. Ez du Europako langileriaren onespenik. Ez du lortzen kapitalaren krisi ekonomikoari aurre egiterik, eta nazioartean eragindako gatazken ondorioak kudeatzeko zailtasun handiak ari da izaten; horren adibide nagusia dugu errefuxiatuen afera. Are gehiago, azken urteotan hainbat prozesu independentista jarri dira martxan, eta Brexitaren fenomenoak Europar Batasunetik kanpo bizitzea dagoela jarri du mahai gainean.

Europar Batasunaren errotiko krisia ikusita, Europaren gaia lehentasunez hartzea erabaki dugu. Historiak ondo baino hobeto erakutsi baitigu krisiak eragiten duen ezegonkortasuna erabili behar dela aldaketarako palanka gisa. Euskal Herrian Europar Batasunaren kontrako masa kritiko bat dagoela iritzita, posizioa hartzeko garaia dela uste dugu; Euskal Herriko jendartea Europar Batasunaren aurka posizionatzeko garaia dela uste dugu. Eta ez, ez da nahikoa Europar Batasuna kritikatu eta barrua birmoldatu behar dela aldarrikatzea; ez da altzariak lekuz mugitze soil bat, egitura bere horretan mantentzen bada. Kontuak ez datza Europar Batasuna astintzean, Europar Batasuna bera arbuiatzean eta erraietatik apurtzean baizik. Egunerokotasuneko kontrolaren eta jazarpenaren erruduna identifikatu behar da, ordena desordenatu behar da, beste Europa bat eraiki nahi bada. Hau da, gerra inperialistak gelditu nahi badira, emakumeok nahi bezala erabiltzeko duten ustezko botere hori ebatsi nahi bada, eta langileok geure baliabideen eta buruen jabe izan nahi badugu. Erantzule hori identifikatzetik abiatuta soilik lortuko dugu errotiko aldaketa bat, kapitalak lekurik izango ez duena.

Internazionalista gisa, Europako egitura inperialista salatzea dagokigu, bai Euskal Herriaren askapenean pausuak emateko, eta baita gure bidelagunen askatasun borrokari ekarpena egiteko ere. Gure betebeharra da Europar Batasunaren kontrako borroka elikatu eta elkartasun politiko bilakatzea.

Horregatik guztiagatik, dei egiten diegu euskal internazionalistei eta Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialei Europar Batasunaren kontrako posizioa hartzera. Guk argi daukagu: Europar Batasuna suntsitu gabe ezinezkoa izango da Europa askerik ezta Euskal Herri askerik ere. Beraz, jo dezagun Europar Batasuna salatu eta desegin egin behar dela konbentzitzera. Ekin diezaiogun etorkizunean Europa sozialista, feminista eta internazionalista eraikitzeko beharrezko izango diren harreman ereduetan sakontzeari.

APURTU KAPITALAREN EUROPA!

Euskal Herria burujabe

EHXIT

Gehitu iruzkin berria