Soilik emakumeon bihotzak bat egiten ez duenean dira ahulak herrien ekimenak

Jose Martí

Hemen zaude

Banabilgo desplazatuekin egonaldia

Aurreko kronika, Mexikon aurkitzen diren brigada kideek Banavil izeneko komunitate bateko familia desplazatu batekin. Behaketarako Brigada Zibila (BriCO) izan zela azaldu ziguten. Baina zer dira familia desplazatuak? Kronika honetan Mexikoko errepresioa adibide bat, eta nola ez, erresistentzai eta aldarrikapena nola antolatzen den azalduko digute brigada kideek. 

Aurreko kronikan aipatu genuen bezala, Fraybak behaketarako brigada zibilak antolatzen ditu eta emergentzi egoera baterako laguntza eskatu digu. Burututako ekintza hauek "Rostros del Despojo" izeneko programa baten barruan daude, non komunitate indigenek jasandako injustizien eta inpunitatearen aurka lan egiten dute, salaketak eginez. Giza eskubideen urraketen egileak identifikatu eta ikusgarri egiten dituzte, Mexikoko gobernuari beraien beharrak betetzera behartuz eta aldi berean hauen indiferentzia salatuz.

2011ko abenduaren 4ean Banavil-eko komunitatean familia bat indarrez desplazatua izan zen. Altxamendu zapatista eman zenean, Banavil-eko komunitatearen gehiengoak altxamenduarekin bat egin zuen. Komunitateko zapatisten buruak, Alonso Lopez Ramirez, familia honi BAEZLN (Bases de Apoyo a EZLN) izateko eskaera luzatu zien eta familiak onartu egin zuen.

Gobernuak komunitate zapatisten aurka erabilitako "Gerra integral de desgaste" delakoaren baitan, komunitateko gehiengoak gobernuak eskeinitako programak onartu zituen. Aldi berean, haietako asko PRI alderdiaren jarraitzaile bihurtu ziren. Familia honek aldiz, zapatisten ideiekin jarraituz, ez zituen gobernu programak onartu eta ondorioz, haien kontrako eraso eta mehatxuak hasi ziren.

Eraso larriena, 2011ko abenduaren 4ean izan zen, non komunitateko PRI-istak familia honen etxeetara sartu ziren armekin, Alonso Lopez Luna, familiako aita, desagertarazi zuten eta hainbat zauritu egon ziren. Ondorioz, San Cristobalera desplazatu behar izan ziren eta oso egoera gogorrean biziraun behar izan dute 3 urte eta 8 hilabetez.  Denboraldi honetan, haien etxeak eta lurrak sakeatuak izan dira.

Urte hauetan salaketa ugari egin dituzte, baina gobernuak ez die inolako babesik eman eta ez du erasoen aurrean neurririk hartu. Denbora honetan, familiak zazpi eskaera luzatu izan dizkio gobernuari:

- Alonso Lopez Luna non dagoen jakitea

- Desplazamendua behartu duten arduradunen kontrako atxilotzea

- Familia ahalik eta azkarren haien etxeetara itzultzeko baldintzak sortzea

- Egindako minaren aitortza

- Desplazatutako familiaren aurkako bi atxilotze aginduak kentzea

- Itzulerarako segurtasuna bermatzea

- Berriro gertatuko ez denaren segurantza

Gobernuaren  erantzun falta ikusita, hamabost egunetarako haien lurretara itzultzea erabaki dute, etxeak eta lurren eremua garbitzeko.

Itzulera horren berri emateko, abuztuaren 3an FRAYBAko egoitzan prentsaurreko bat egin zuten, horren ostean, karabana bat antolatu zen Banavilera desplazatuei babesa eta elkartasuna adierazteko. Askapenako brigadak bertan parte hartu genuen.

Familiak itzulera egiteko babes eskaera egin zion gobernuari, erasotzaileak oraindik komunitatean bizi direlako, baina gobernuak itzulerarako baldintzarik ez zegoela argudiatuz, ez du inolako babesik eman. Karabana Banavilera joan baino lehenago eta prentsaurrekoa egin ondoren, familia eta hauen aldekoak Frayban bilduta geundela, gobernuko ordezkari batzuk etorri ziren eta bilera bat burutu zen. Bilera honetan familiari eta karabanari Banavilera ez joateko gomendioa egin ziguten, beraien ustetan erasoak gertatzeko arriskua zegoela argudiatuz. Hori dela eta, gobernuak bere babesa ukatu zigun. Bilkura honen ondoren, familiak eta bertan geundenok, prestatuta genuen planarekin aurrera jarraitzea erabaki genuen. Momentu hunkigarri bat izan zen, familiakideak emozionatuta zeuden.

Familiak 15 egun egongo dira haien lurretan. Familiari babesa emateko jasoko den laguntza horrela antolatu da: 5 egunetako 3 txanda izatea adostu da, emergentzi egoera bat dela kontuan hartuz. Txanda horietan, BriCO-ak, komunikabide libreetako kideak, Fraybako kideak eta mediku batek hartu dute parte. Askapenako brigadako partehartzaileak  lehenengo txanda egitea erabaki genuen, Fraybaren eskaerari erantzunez.

Hortaz, 6 egun egon gara, astelehenetik larunbaterarte, familiari babesa eta elkartasuna adierazteaz gain, Brico bezala jarduten.

Lehenengo egunean, Frayban bilera egin ondoren, hamar kotxe inguruko karabana bat gerturatu gara Banavilera, tartean Fraybako kideak, SiPazeko (Servicio Internacional por la Paz) kideak eta beste komunitateetako kideeak (talde etniko desberdinetakoak). Etxeen egoera ikuskatu ondoren, karabana San Cristobalera bueltatu da. Komunitatean familiako kideak, Fraybako bi pertsona, Las Abejaseko mediku bat, komunikabide libreetako kide bat eta bost Bricoak geratu ginen. Guztion artean, familiaren etxeak garbitzen hasi gara.  Etxeen eta lurren egoera oso txarra da, gauzak hautsita, dena hankaz gora eta hainbat gauzen falta sumatu dugu. Ezer ez zegoen erabilgarri, beraz, etxeak hustu eta ahal den heinean garbitu ditugu, bertan lo egin ahal izateko eta hurrengo hamabost egunetan bertan bizitzeko.

Hurrengo egunetako gure lana, behatzea eta segurtasun lanak egitea izan da. Honetaz gain, gauetan bigilantzia txandak egin ditugu. Egun guztietako plana oso ondo antolatuta dago.

Arazo nagusiena uraren falta izan da. Iritsi eta hurrengo egunean, familiako kideak ur iturria aurkitu eta etxeetaraino ekarri dute, baina hamar minututara ura moztu digute komunitateko erreserbatik. Gerora baieztatu dugu, ura nahita moztu dutela, hori izan da jasan dugun eraso larriena. Ura lortzen saiatu gara bide desberdinetatik, bai bizilagunei eskatuz eta bai ondoko herriko parrokiari, Tenejapan, eskatuz. Bizilagun askok beraien laguntza ukatu digute, familia honi lagunduz gero beraien egoera arriskuan jartzen dutelako. Hala ere, ondoko komunitateetako EZLNren aldekoengatik laguntza jaso dugu, ura eskeini eta janaria ekarri digute.  Familiako kideek bi putzu egin dituzte ura izateko, ur hori soilik sukaldeko gauzak eta arropa garbitzeko erabili dugu, ez bait zen edangarria.

Uraren arazoaz gain, familia erasotu eta atxilotzeko agindua duten pertsonak, herrian bilduta ia egunero ikusi ditugu, etxe inguruan edo uraren bila joan garen bakoitzean. Hauen presentziak egoera larritu egin du, tentsioa sortuz, baina gure egonaldian ez da bestelako erasorik suertatu.

Iluntze aldera, bilerak egiten ditugu, eguna nola joan den azaltzeko eta gauzak amankomunean jartzeko, eguneko gertakizunak, gaixorik dauden pertsonen egoera, inguruan ikusitako gauzak, etab. Ondoren, segurtasun txandak zehazten ditugu.

Azken gaueko bileran, agurrak egiteko aprobetxatu dugu, oso momentu hunkigarriak sortu dira, bost egunetako bizipenen balorazio pertsonala egin baidugu.

Hauxe izan da Banavileko bost egunek eman dutena. Jarraian, gaiaren inguruko informazio gehiago izan dezazuen, dokumentazioa atxikitzen dugu.

               

GAIARI BURUZKO BIDEO INTERESGARRIAK:

- Desplazatutako familiaren egoera azaltzen duen dokumentala eta bideoak

https://www.youtube.com/watch?v=hyuMJEV6W7s

https://www.youtube.com/watch?t=20&v=zEFM1xhJfDI

*dokumentala hurrengo egunetan igoko da.

- Banavilera itzulera eta karabana.

https://www.youtube.com/watch?v=29Uvp3CCLgg

- Fraybako prentsaurrekoa eta komunikatua.

https://www.youtube.com/watch?v=IQuYnDcWNvw

https://www.youtube.com/watch?v=DgqP1BNaFFg

- "Rostros del despojo" eta denuntzia publikoak

http://www.rostrosdeldespojo.org/

Familias desplazadas de Banavil invitan a participar en la campaña Rostros del Despojo https://www.youtube.com/watch?v=zEFM1xhJfDI

Denuncia de los desplazados de Banavil Municipio de Tenejapa
https://www.youtube.com/watch?v=nNdfIBylryo

Denuncia pública de los desplazados de Banavil 
https://www.youtube.com/watch?v=1cWu21wPlCU

Denuncia Pública de desplazados de Banavil a 3 años y 8 meses 
https://www.youtube.com/watch?v=MH7hssj5PfU

 

Gehitu iruzkin berria