Mendi altu-altu baten gailurra egin eta gero, igotzeko beste mendi altu asko geratzen zaizkigula ohartzen gara

Nelson Mandela

Hemen zaude

BDZ kanpainaren aurkako kriminalizaziorik ez!

Kezkaz jaso dugu aste honetan Herrialde Katalanetatik albiste bat, tamalez, Palestinaren aldeko borrokan bidea urra dezakeena. Hain zuzen ere, palestinarren borrokarekiko elkartasunean lanean ari diren 9 aktibista internazionalista epaitegietara deitu dituzte, BDZ kanpainan (Israelgo Estatuari zuzendutako Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) parte hartzeagatik. Hainbat pertsona, sare sozial… aipatzen dituen 166 orriko kereila batean, 9 internazionalistari, besteak beste, ideologia sionistarekiko gorrotoa sustatzea leporatzen diete, Matisyahu abeslariaren aurka egindako Boikot kanpainaren harira, Benicassimgo Rototom Sunsplash reggae festibalean.

Boikota tresna legitimotzat dugu, eta horren aurkako erasoa sare sionistek, Israelgo Estatuaren proiektua babesten duten estatuen babespean, ezarritako beste oztopo bat da. Beste behin ere, botere judiziala sionisten zerbitzura jarri da, gero eta esanguratsuagoa den Palestinaren aldeko babesa eta elkartasuna nahiz Israelgo Estatu sionistak ezarritako apartheidarekiko arbuioa isilarazteko eta kriminalizatzeko.

Euskal Herrian ere gertutik ezagutzen dugu lobby sionisten eragina. Horren adibide dugu Kanpezuko Udalarena, hasieran talde politiko guztiek BDZri babesa emateko mozioa onartu arren, atzera bota behar izan baitzen presio sionistengatik.

Argi diogu, munduko edozein txokotan egiten den BDZren aurkako errepresio-ekintza oro gure jardunaren aurkako eraso bat da. Nazioarteko kanpaina izanik, garaipen oro apartheidaren amaieraranzko urrats bat da; eta, era berean, BDZ kanpainaren aurkako eraso oro herri palestinarraren eta gure elkartasun-jardunaren aurkako erasoa da. Horregatik, gure kezka azpimarratu nahi dugu, beharrezko eta zilegi den palestinarren aldeko borrokaren aurkako errepresio-epidemia baten iturria izan baitaiteke BDZren aurkako eraso hau.

Horregatik guztiagatik, giza eskubideen defentsagatik inputatu dituzten 9 aktibistei elkartasuna helarazi nahi diegu, eta dei egiten diegu Euskal Herrian BDZ kanpaina babesten duten erakunde eta pertsona guztiei Herrialde Katalanetako kideei babesa adieraztera eta norberaren esparrutik BDZ kanpainari ekarpenak egiten jarraitzera, apartheidaren aurka eta palestinarren borrokaren alde.

BDZ kanpainaren aurkako kriminalizaziorik ez!
Gora Palestina askatuta!
Euskal Herriak BDZ!

 

Gehitu iruzkin berria