Ni hil hilko nauzue... baina bihar itzuliko naiz eta miloika itzuliko naiz

Bartolina Sisa

Hemen zaude

Bertso, argazki eta kronika Palestinatik

Jerusalem; Murru bat, hamarnaka mundu.

Uztailaren 3an iritsi giñen Palestinako lurralde okupatuetara. Askapenak antolaturiko brigadek urtero bisitatzen dituzte lur hauek, eta aurten, lehen aldiz, begirada feminista batetik ikusi eta kontatu nahiko genuke bertan gertatzen ari dena.

Iritsi aurreko iluntzean, Bartzelonako aireportuan izan genuen Zisjordanian gertaturiko atxiloketen berri. Hainbaten artean, Palestinako emakumeen mugimenduko buru diren Khalida Jarrar eta Khitam atxilotu zituzten. Haiekin biltzekoak ginen Ramallahn, beraz, hara heldu aurretik konturatu ginen bertako errepresioaz eta ezegonkortasunaz.

Jerusalem hiria izan da lehen geltokia. Zazpi ateko harresi batek mugatzen du hiri zaharra. Baina beste murru ikusezin batek zatitzen du hiria bitan: ekialdea eta mendebaldea. Mendebaldea 1948an israeldarrek okupatua eta ekialdea, palestinarren koltrolpean egon beharko lukeena baina okupazio estrategia ezberdinen bidez Israelek bereganatu nahi duena.

Hiri zaharreko ekialdean hartu genuen ostatu. Abdul, bertako aitaren eskutik bizi izan genuen lehen aldiz egunerokotasunean pairatzen duten zapalkuntza. Damasko atean ginela, gazte batzuk iraindu egin zuten. Abdulen erantzun ezak ikustarazi zigun jokabide hauek bertan duten inpunitatea. Kipadun gazteek lasai asko egin zuten alde soldaduek kontrolaturiko haientzat zonalde segurutik, bitartean, turistak alde batetik bestera.

Jerusalemen bizi den Mundubat GKEko Barbararekin elkartu ginen. Atxiloketen ondorioz 17an Ramallahn egitekoa zen emakume palestinarren kongresua kolokan zegoela esan zigun. Bestalde, bilerara pare bat lagun gonbidatu zituen, Dalia Nassar eta Daoud Ghoul. Daoud Jerusalemeko palestinar kultura zentroen sarean koordinazioaz eta komunikazioaz arduratzen da. Bost kultura zentrok osatzen dute sare hau. Dalia, berriz, UPWCeko kidea da. Palestinar emakumeen mugimendu eta egoeraren kokapen orokorra egin zigun eta hitzordua adostu genuen Rammalahn berarekin elkartzeko.

Hurrengo goizean, bilera izan genuen Fadwah A. Alshaar Jerusalem Women Centerreko buruarekin. Bi proiektu daramatzate: indarkeria matxistak eragindako biktimei laguntza eta atxilotuak diren umeei babes legala eta bestelako zerbitzuen eskaintza.

Berriz ere Daoudekin elkartzeko aukera izan genuen eta Jerusalemeko hiri zaharra eta inguruak erakutsi zizkigun. Israelek bertan erabiltzen dituen okupazio estrategia ezberdinen inguruan azalpenak eman zizkigun. Hala nola, etxegabetzea eta etxeen eraistea, eraisketen kostua palestinarrei eurei ordainarazten diete, etxeak eraikitzeko baimenik ez, ondorioz edozein txoko hartu behar izaten dute bizilekutzat; tasak ordaindu arren ez dute zerbitzurik jasotzen; kontrol sozial eta poliziala –hiri zaharrean soilik 600 kamera inguru daude-, kolonoak eta soldaduak nonahi; segurtasun enpresa pribatuen kontratazioa –Black Water, e.a.-, nazioarteko legeetatik Israel inpune atera dadin; hiria museo ireki bihurtzeko nahia, hiriko sinbolo nagusien manipulazioaren bitartez –esaterako, hiri zaharrerako sarrera nagusia aldatu nahian Damasko atetik mendebaldean kokatzen den Jaffa atera- eta turistak ikusi behar duena eta batez ere, ikusi behar ez duena kontrolatuz.

Jerusalemgo kultur zentroen sarearen parte den El Hakawati National Theatreko zuzendariarekin bildu ginen antzokian bertan. Palestinar antzerkigintzari buruzko zertzelada orokorrak azaldu zizkigun, haien gai sozial eta gatazka politikoaren bozgorailu gisa. 80. hamarkadatik lanean dabilen antzerki talde independenteak egiten du lan bertan; sorkuntzan eta programazioan. Beste hirietako antzokiekin harreman zuzena du, emankorra den adierazpidea dela ikusi ahal izan genuen. Kulturaren garrantzia agerian geratu zen, etengabe erresistitzen ari den herri baten identitatearen eraikuntzan.

Okupazioak baditu milaka aurpegi eta ikusezinak diren hamaika murruk oztopatzen dituzte hamarnaka mundu horiek. Horrek guztiak osatzen du Jerusalemeko errealitatea.

Gehitu iruzkin berria

randomness