Zatozte borrokara eta bat egin bataila luze honetan litekeen kausarik zintzoenaren alde: gizon-emakumeen askapena

Bob Dyle

Hemen zaude

Bety Cariñoren sendia Euskal Herrian, justizia eske eta bakea aurkitzen

Astebete eman du Bety Cariñoren sendia Euskal Herrian. Mexikon mehatxu eta eraso saiakerak pairatu ondoren, herrialdea utzi behar izan zuten. Horrela, justizia eskaera indartuz eta nolabaiteko egonkortasuna eta bakea aurkituz  bisitatu dute gure lurraldea “Betyren lagunak!” taldearen eskutik.

2010ean akatu zuen MULT talde paramilitarrak Bety Cariño iraultzaile Mixtekarra. Oaxakako estatuan, eskualde trikian kokaturiko eta paramilitarrek setiatutako San Juan de Copala komunitaterako bidean zihoan karabana humanitarioan parte hartzen zuen Bety. Estatuaren konplizitateak kargatutako armek enboskada baten bitartez zuzenean hil zuten, berarekin batera Jiry Jaakkola ikuskatzaile finlandarra ere hilda suertatu zelarik.

Urteak ziren autonomiaren bidetik Mexikoko hego ekialdeko herri originarioek duintasunerako pausoak ematen ari zirela. Zapatismoaren hauspoarekin eta 2006an Oaxakan eman zen zen APPOren mugimenduak emandako bultzakadaz  zuzenean komunitateetara abiatu ziren herri originarioak euren proiektu politikoa garatzera. Giza eskubideen defentsa, justizia soziala eta lurren kolektibizazioa, inperioaren enpresa multinazionalen aurrean Amalurraren eta bere aberastasunaren defentsa, antolaketa eredu originarioen defentsa, hizkuntzaren eta kulturaren mantentzea, hezkuntza komunitarioaren defentsa, komunikabide komunitarioen eraketa, elikadura burujabetza, herrien determinazio askerako eskubidea, emakume indigenen ahalduntzea…hamaika esparrutan garatzen zuen Betyk bere bizitza bere herri Ñuu Dzahui-arekin batera.

Emakume duina, ausarta, hitzaren poderioz barrenak asaldatzeko gaitasuna duten horietakoa, nekaezina. Berebiziko garrantzia zuen emakume honek komunitateek abiaturiko prozesu askatzailean eta horregatik akatu zuten.

Euskal Herriarekin harreman estua zuen militante Mixtekoak. 2009an Mugarik Gabe eragileak gonbidaturik Nafarroa bisitatu zuen. Orduan hasi ziren sareak ehuntzen. Garai horretan Bety herrien komunikazio prozesuak partekatzera etorri zen eta berarekin batera Tere eta Felicitas kazetari trikien erahilketaren salaketa ekartzen zuen. Gaztetxeetan hitzaldiak, emakume taldeekin tailerrak, gazte mugimenduetako pertsonekin harremanak, internazionalistekin bilkurak. Gaur egunerarte luzatu diren joan eta etorriko zubiak eraiki zituen herri honekin. 5 urte pasa dira bala paramilitarrek pertsona hau munduko herri borrokalariei lapurtu ziotenetik.

Ordutik ona bere ingurukoek justizia eskaerarako borrokan eman dituzte urteak. Hiltzaileak euren ardura ordaintzeko eskaeren zurrunbiloan lan egiten. Mexikoko estatua ezengokorra eta garantiarik gabeko erakundea da baina. Egun 13 atxilotze agindu dauden arren 3 besterik ez dira bete. Atxiloketak bete direnean gainera, Betyren sendia erasoaldi saiakerak pairatu eta herrialdea utzi behar izan du.

Mexiko, giza eskubideen porrota

“Eskuetan genuen guztia egin dugu eta hala ere gure herrialdetik atera behar izan gara” Hitz gogor horiekin deskribatzen zuen beren egoera Lizarrako Udaletxeak buruturiko harreraren hitzartzean Betyren kidea izan zen Omar Esparzak. Horrela, azaltzen zuen Mexikoko Estatuak ez duela erakutsi inolako gaitasunik ezta interesik ere giza eskubideen defendetzaileen hilketak, atxilotzeak eta desagerpenak konpontzeko.

Datuak hor daude. Azken urteetan,  Felipe eta Peña Nietoren agintaripean, hots, azken hamarkada eskasean, herrialdean 200.000 baino hildako gehio eman dira eta 40.000tik gora desagertu.

Hala eta guztiz ere, herriek ez dute esperantza galtzen. Lanean jarraitzen dute eskubide urraketa guztiak gainditzeko eta autonomiaren bidetik duintasunaren helmugara ailegatzeko. Eraldaketa nahi dute, justizia. Egunero pairatu behar dituzte erasoak, jarraipenak, bino bestelako Mexiko eta mundu batean sinesten dute eta horretan darraite. Konbentzimenduz esaten dute, nahiz eta euren herriak denbora ilunenetan barreiaturik egon, bestelako Mexiko demokratizatu baterako aukerak badaudela. Zapatismoak aldarrikatzen duen mundu ezberdinez osatutako mundua. Egun, herrialdea mundu guztian atsekabea sortzen duen errealitate lizun batean murgildurik dago, milaka dira odola isuri dutenak. Hala ere, beste hainbeste dira eraldaketa eta demokrazia lortzeko borrokan dirautenak eta horretarako berme bakarra elkartasuna eta konpromisoaren erabaki irmoa dute.

Euskal Herrian, elkartasuna eta bakea topatzen

Betyren sendiak, bere kide izan zen Omar Esparza eta bikotearen bi seme alabek, astebete eman dute gure herrian. “Betyren lagunak” taldearen eskutik eta Mugarik Gabe zein Askapena bezalako eragileen laguntzaz gure herrian barrena igaro dituzte zazpi egun justizia eskaerak burutzeko eta lasai egoteko paradak tartekatuz.

Hilaren 8an ailegatu ziren Euskal Herrira. Asteburua Iruñean eman ondoren, 10ean, astelehena, Lizarrako Udalak harrera ofiziala burutu zien. Txalapartaren doinuek agurra eman ondoren, udaletxeko udalbatza aretoan eman zitzaion hasiera ekitaldiari. Modu sentikor batean Emma Ruiz zinegotziak (alkaterode funtziotan, alkatea kanpoan baitzegoen) ongi etorria eman eta Betyren figura eta Lizarrarekin edukitako harremana gogoratuz hiru senideei eskerrak eman zizkion bertan egoteagatik. Geroxeo Omar Esparzak hartu zuen hitza eta hor ere, Euskal Herriarekiko esker hitzak bota eta Mexikoko egoera zein beren egoera deskribatu zuen. Lizarrako zapi gorria paratuz eta Betyren argazki bat oparituz bukatu zen udal ordezkariaren hitzartzea. Bukatzeko bi dantzarik aurreskua dantzatu eta hurbildutako hamarnaka lagunen familia argazkiarekin bukatu zen. Ekitaldian Gareseko Udaleko alkateak Oihan Mendo, Nafar Gobernuko komunikazio zuzendariak Peio Pellejero eta Lizarrako EH Bildu, Ahora-Orain, Geroa Bai eta PSNko zinegotziek hartu zuten parte

Astea gure geografiako puntu ezberdinetan eman ondoren eta Betyk ezagututako lekuak bisitatu ondoren Bilbon hamarnaka lagun bildu zituen kontzentrazioa burutu zuten ostegunean. Besteak beste, Askapena, Komite Internazionalistak eta Chiapasekiko Elkartasun Plataformako kideak babesturiko mobilizazioa izan zen.

Astean zehar kontaktu politiko ezberdinak egin dituzte ere, Madril zein Europako diputatuekin egindako bilkurak kasu, eta aurrerantzean elikatzen jarraituko diren harremanak sortu. Izan ere, Europak berebiziko garrantzia du jende honen eskubideen bermean. Euren integridade fisikoa babesteko presioguneak bilatzen dituzte eta Europa horretarako ere baliogarri izan behar du. Gainera, kontuan eduki behar dugu bertako herriekin dugun zor historikoa eta euren egoeraren gaineko ardura, gaur egun ere gure enpresak baitira herri horien bizitza eta natura esplotatuz poltsikoak betetzen dituztenak. Zorretan dago Euskal Herria ere, eta bizitzaren etsaiak partekatzen baditugu ere, asko dugu egiteko, joan eta etorriko bide internazionalistak garatuz. Hortara etorri ziren, horrekin bueltatu dira.

 

Gehitu iruzkin berria

randomness