Soilik emakumeon bihotzak bat egiten ez duenean dira ahulak herrien ekimenak

Jose Martí

Hemen zaude

Hurbilketa xumea Chiapaseko emakumeen eta generoen borrokara

Chiapasera egin dugun hurbilketa honetan kontrastez beteriko herrialdea aurkitu dugu. Eten gabe uztartzen dira tradizioa eta modernotasuna, mendeetako ohiturak eta bizimodu berrienak. Kontraste hori orokorra bada ere, era berezian islatzen da emakumeengan. Jakin badakigu, ikusi duguna mendebaldeko begiradaz kutsatuta dagoela, baina saiatuko gara ahalik eta era zintzoenean bizi ahal izan duguna zuenganatzen. 

Ez da berria, asko idatzi da emakume indigenen egoerari buruz eta jasan ohi duten era guztietako zapalketari buruz: generokoa, klasekoa, etniari dagokiona, erlijiozkoa eta politikoa; honi gehitu behar zaio gurasoek, anaiek, semeek, herrietako jauntxoek eta edozein mestizok eurengan izan dezaken kontrola, baina, obedientzia eta errespetua, batez ere, senarrari zor diote. Botere guneetatik kanpo geratu ohi dira beti, besteak beste, lurraren jabegoa eskuratzeko pairatzen duten diskriminazioa dela medio.

1994ean herri indigenek “nahikoa da” esan zutenean, emakume indigenen garrasiek zirrikitu bat ireki zuten euren bizitzak aldatzeko. EZLNn aurkitu dute askatasun eremuak garatzeko gunea. Gehienetan iraultzek izaera matxista, misoginoa eta patriarkala izan dute. Baina, bidean oraindik urrats asko falta badira ere, EZLN, parekotasunak garatzeko testuinguru egokia bilakatu dute emakume hauek. Borroka honek eraman ditu alde batetik emakume tradizionalak izatera, eta bestetik gerrillari modernoak, zenbaitentzat, posmodernoak izatera. Soldadu bihurtu behar izan zuten injineruak, mediatuak e.a., izan ahal izateko. “Gerrillan askatasun bila sartu dira emakume hauek”.

Jarraitu irakurtzen

EZLNko emakumeek iraultza propioa egiten ari dira (M Lagarde). Emakumeen Legea komunitate guztietan bozkatu zen, batzuk aspaldi hasi ziren euren gorputzaren kontrola izaten, pilula hartzen, irakurtzen eta idazten ikasten, eurek erabakitzen dute norekin ezkondu... Proposamen feminista garatzeko aukera dute mahai gainean, emakumeen genero identitatea aldatu dezakeena. Eta gizonena ere bai. Dena den, ez da nahikoa kargu militar edo politikoak duten emakumeak boteretzea. Aldaketa estrukturalak behar dira Mexikon indigenen eta oro har emakumeen bizitzak hobetzeko.

XXI. mendera jauzi egin dute indigenek “nunca mas un Mexico sin nosotros” aldarriarekin . Lelo horrekin joango dira 2018ko hauteskundeetara CNI, Congreso Nacional Indigena, osatzen duten Mexikoko jatorrizko herriak. Eta auzi honetan ere, euren ahotsa entzun dadin, euren ahotsa izan dadin, emakumea eta indigena aukeratu dute. Marichuy aurkeztuko dute, medikuntza tradizionala praktikatzen duen emakume indigena.

Komunitateetara izan dugun hurbilketari dagokionez, bi esperientzia desberdin izan ditugu. Lehenengoan, Actealen (Las Abejas erakunde zibilaren baitan), han emakumeek ez dute Gobernu-Juntan parte hartzen. Ikusi ahal izan dugun batzar bakarrean, eserita zeuden alde batean (josten eta haurrak zaintzen) eta bestean gizonak, azken hauek ziren batzarrean parte hartzen zuten bakarrak. Bigarren esperientzian berriz, La Realidaden, Junta del Buen Gobiernon, parte hartze parekidea aurkitu dugu, oso emakume gaztez osatua gainera. Hala eta guztiz ere, azalpenak eman zizkiguna, gizonezkoa zen. Oro har, parekidetasuna bermatzea da, esan zigutenez, zapatismoaren ezinbesteko baldintza edozein mailako antolaketa egitura osatzeko. Eta, berme hori gauzatzeko, emakume belaunaldi berriak indartsu ari dira bultzatzen lekukoa hartzeko prest, izena eta izana zertzen.
Genero identitatearen inguruan ere aurkitu dugu berriro tradizionala eta modernoa uztartuta. Harriduraz ikusi dugu Oaxacako komunitate batean, erabat normalizatuta egon dela mu-she izenez ezagutzen den gizon profil bat, testu akademikoetan honela definitzen dutena: ezaugarri femeninoak dituen gizona, emakumez janzten dena, transexuala edo hirugarren generokoa. Bere burua mu-shez aurkezten duen Lukas Abendaño antropologo eta artistarentzat , berriz, ez dago hain garbi hirugarren generoa ote den. Argi dagoena da, heteroarutik ihes egiten duela eta musheitasuna era anitzetan bizi daitekeela. Mu-she izenaren jatorria eztabaidagai da historialarien artean. Batzuen ustez, mujer hitzetik dator, Abendañoren iritziz, aitzitik, ebanjelizazioarekin ezarri zen tradizioarekin du zerikusia. Ohitura honen arabera, emakumeak ezin ditu sexu harremanak izan ezkondu arte, gizonek, ordea, bai. Beraz, musheitasuna, gizonen beharrak asetzea eta emakumeen birjintasuna babestea du helburu. Beste alde batetik, ohikoa da gizon ezkonduak mu-sheekin sexu harreman izatea, emakumeekin izatea, ostera, gaizki ikusia dago. Oaxacako komunitate honetan era askean sustraituta egon den mu-she identitatetik abiatu egiten da gaur egungo transexualen borroka aldarrikatzeko eta heteroarua auzian jartzeko.

Bestetik, jakin dugu hainbat komunitate zapatistetan bere aukera transexuala azalarazten duten emakumeak ere badaudela. Ziur aski ez dute bide erraza izango, baina, zailtasunak zailtasun, EZLNek bere sorreratik aldarrikatu eta babestu izan ditu sexu aukera guztien aldeko borrokak. Eta babes hori eskertu zion LGTB mugimenduko kide batek, EZLNri aurtengo KompArte jaialdian.

LEHEN KONGRESU FEMINISTA ere izan zen Chiapasen, 2016ko azaroaren 21 eta 25 bitartean. 1970n hasi eta-2015 arte metatutako eskarmentua eta garatutako antolaketa politikoaren memoria biltzeko xedearekin. Eztabaidaren bidez ikusarazi nahi izan ziren lehengo eta oraingo feminismoaren lorpenak eta etorkizunerako erronkak. Era guztietako emakumeen bilgunea izatea zuen helburu, mestizoak, indigenak, afroamerikarrak, nekazariak … Eta landu ziren gaiak ere anitzak izan ziren: genero ikuspegiko ikerketa, ikerketa feminista, parte hartze politikoa, emakume indigena eta nekazariak, feminismoaren ikuspegi historikoa, feminismo lesbikoa, femizidioak, emakumeen aurkako era guztietako bortizkeria, feminismoaren eragina gobernuko instituzioetan, kazetaritza feminista, transfeminismoak … Gai zerenda polita utopia feminista berrindartzea ardatza zuen kongresurako.

Ezin aipatu gabe utzi CDMCH, Centro de Derechos de la Mujer de Chiapas delako erakundea, emakumeek jasaten duten era guztietako indarkeriari eta eskubide urraketari aurre egiteko sortutakoa. Bertan garatzen dira prebentziotik hasita era guztietako esku hartzeak. Ikuspegi integral batetik egiten dute egoeraren analisia eta ikuspegi integraletik garatzen dituzte esku hartze horiek. Ez diote erantzuten soilik bortizkeria zuzeneko kasuei, emakumeen aurkako bortizkeria estrukturala ere salatzen eta borrokatzen dute. Beti ere, beste talde feminista edo “behean eta ezkerrean” kokatzen  diren bestelako taldeekin batera. Izan ere, Mexikon, emakumeen aurkako bortizkeriari buruzko datuak benetan gordinak dira: era guztietako jazarpenak, desagerpenak, trata eta femizidioak. 2015eko ikerketa baten arabera, 1.900 neskato eta emakume erailak izan ziren sei urteko tartean. Gauzak horrela, CDMCHren iritziz, patriarkatua eta gizarte kapitalista neoliberala, dira bortizkeriaren sortzaileak eta ez egongo konponbiderik gizarte horren egiturak aldatzen ez badira. Antzematen da egiten duten lana, urteetako esperientziaren ondorioa dela eta eten gabe ari direla ekimen berriak inplementatzen. Hauen artean, eraginkorrena, emakume indigenak trebatzea eta bidean laguntzea da, beraiek protagonismoa har dezaten eta komunitateetan ematen diren arazoak, beraien eskarmentua eta legitimitatea medio, bidera ditzaten. Eta, diotenez, oso emaitza onak lortzen dituzte.

Amaitzeko, internazionalismoaren xamurtasuna iritsi da Mexikoko emakume indigenengana Kurdistango Emakumeen Mugimenduaren eskutik ere. CNIk 2018ko hauteskundeetarako emakume indigena aurkeztearen garrantzia azpimarratzen dute Marichuyri igorritako gutunean. Eta gogoratzen dute, emakumeen erresistetziaren ikurra den Rojavan, eraiki duten autogobernu eta komunalismoaren bidean Mexikoko indigenen esperientziak inspirazio iturria izan direla.

Mexiko, Euskal Herria... Rojava. Tradizioa eta modernitatea. Erraz ikusten da besteena, erraz epaitzen da besteena, baina, non oinarritzen dira patriarkatuak kutsatutako gure bizipenak, emozioak, harreman afektiboak … han eta hemen bizi dugun patriarkatu bertsuan ez bada?

Patriarkatuaren harresian pitzadurak ireki ditzagun!

 

Gehitu iruzkin berria