Iraultzak kale itsuetan gertatzen dira.

 

Hemen zaude

Kubako brigadaren 2. kronika: CDRak ezagutzen

Gaurkoan, GALFISAko ikertzaile batek gaur egungo sistema politikoaren premisak azaldu dizkigu. Sistema politikoa azaltzen hasi aurretik nabarmendu beharra dago mendebaldeko gizartean demokrazia zentzu liberal batean ulertzen dela.
1959. urtean ezarrita zegoen diktadura militarra akabatu zen, 1940ko Konstituzioa aldarrikatuz. Honen ezaugarri nagusiak jendartearen parte hartze politikoa handitzea eta demokrazia “Justizia Sozial” bezala ulertzea izan zen. Hau lortu ahal izateko Iraultzak antikapitalismoa eta askapen nazionala uztartu behar zituen. 60ko hamarkadan parte hartzea eta pluralitatea nagusitu ziren, baina blokeoaren eraginez politikak erradikalizatuz joan ziren, batasuna eta homogenitatea bilatuz. Estatua herriaren sinonimo bezala ulertuz eta beste estatu sozialistekin harreman komertzialak indartuz joan ziren, iraultzaren gorenaldia eman zelarik.

1991an Bloke sozialistaren erorketarekin “Periodo Especial” deituriko garaia hasi zen, Kubak bizi izan duen egoerarik latzenetarikoa. Gaur egun oraindik blokeo aurreko garaian izan zuen ongizate egoerara heltzea, nekez lortzen ari da.
Bertako errealitatea ondo ezagutzeko, arratsaldean “Consejo Popular de Colon” izeneko auzora hurbildu gara. Bertan GALFISA proiektuaren bidelagun gisa aritzen da. Colon Zentro Habanako kontseilu txikiena da, eta gainpopulazioa zein zailtasun sozioekonomikoak dituen gunea izanik, kontseiluaren lan karga handituz doa.
Prebentzio taldea osatzen duten taldeekin elkartu gara bertan. Bildutako taldeak auzo guztietan ordezkaritza du eta prebentziorako lan hauek lokaletik nazionalera zabaltzen dituzte. Eragile hauen antolatzeko era, diziplinartekoa eta gertukoa da, familiek dituzten problematikak aztertuz eta landuz. Talde hauek guztiak prebentzio lanetan dihardute, kontseiluaren bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin.

Coloneko CDRan (Comité de la Defensa de Revolución) ere egon ginen eta bertan iraultzareiko dagoen konpromisoa eta komandante izandako Fidelekiko zegoen maitasuna transmititu ziguten, brigadako kide guztiak hunkituz. Helarazi ziguten indarra eta borrokarako grina izugarria izan zen.

Brigadako esperientziekin jarraituz, jabetza eta honen kudeaketaren inguruan dauden forma anitzak erakutsi dizkigute. Iraultzaren hasieratik nekazal kooperatibak sortu izan dira eta figura juridiko desberdinak hauen izaera erregulatzeko.
2011tik Aurrera Kubako Alderdi Komunistaren 6. Kongresua burutu zen, orduz geroztik sektore pribatuaren hedapena eman da. Estatu Sozialistak bi enpresa eredu zituen ordura arte, hain zuzen ere, Estatu sozialistaren enpresa berritua eta nekazarien kooperatibak. Enpresen egoera juridiko hau murritza zela ikusirik, koopreratiba berrien sorrerarako bidea irekitzen da, alde batetik, ordura arte estatuaren jabegotzapean zeudenak “inducidas” eta borondatezkoak zirenak “voluntarias”.
GALFISAk kooperatiba hauei jarraipen lana egiten die kooperatiben lanketa barneratu eta ikasketa prozesu hori elkarrekin egin dezaten. “Herri Hezkuntza” metodologia bezala erabiliz teoria praktikara eramatea da helburu.

Jarraitu irakurtzen

                          

Gure brigada aurrera doa eta Kubako hainbat erreferenterekin biltzeko aukera izan dugu. Georgina Alfonso, Filosofia Institutuko zuzendari eta GALFISAko kideak, Feminismoari buruzko hitzaldia eman digu. Hasteko, azaldu zigun nola GALFISAk eraldatze prozesu ezberdinen jarraipena egiten duen, “Educación Popular”aren metodología erabiliz, beti ere prozesu hauek oinarri feminista baten ikuspuntutik.
Institutuan hainbat ikerketa egiten dira; hauetako bat emakumeen aurkako indarkeria izan zen. Ikerketa hau testigantza desberdinetan zentratu zen, kubatar emakumeek sufritzen zituzten indarkeria mota desberdinak ezagutzeko. Blokeoa zela indarkeria honen sorburu nagusia ondorioztatu zen. Horrela, ordura arte Instituzio eta Estatuek egindako salaketa izatetik herri kubatarrak egindako lehenengo salaketa izatera pasatu zen.
Bukatzeko, aipatzea, Kuban ez dagoela feminista aitortzen den mugimendurik esan digu, baina antolatuta daude emakume taldeek praktika feministak aurrera eramaten dituztela.

Asteburuan Silvioren kontzertua ikusi eta hondartzan erlaxatu onodren, brigadako bigarren asteari eman diogu hasiera. Martin Luther King zentrora joateko aukera izan dugu. Bertan, gaur egungo Latino Amerikako egoera soziopolitikoa eta “Educacón Popular”ean oinarritutako hainbat esperientzia azaldu dizkigute.
“Educación Popular” hau herriaren parte hartzea, antolaketa eta borroka oinarri dituen metodologia bat da. Bertan parte hartzen dutenek hainbat praktika partekatu eta aztertzen dituzte. Ondoren, baliabide (liburuak, bideoak…) desberdinen bidez sakontze teorikoa gauzatzeko eta haien praktika eraldatzeko. Metodologia honek helburu pedagogiko eta politikoa du eta indibiduotik kolektibotasunera doan prozesua da. Honetarako, taldeak hainbat arau eta erantzukizun hartzen ditu, besteak beste, bozeramaileak aldatzen joatea eta guztiek parte hartzea. Prozesuari amaiera emateko, talde ebaluazioa egiten da.

Hitzaldiaren bigarren zatian, aipatu dugunez, Latinoamerikako egoera soziopolitikoaren kokapena egin digu. Orokorrean, sistema politikoen porrota agerikoa da: politikaren judizializazioa, eskuma eta ezkerraren proiektu politiko eza, buruzagitza falta, estatuen militarizazioa eta horrek sortzen duen inpunitateak, besteak beste, herrien ezinegona eta babes falta sortu du, herri mugimenduen gainbehera bat suposatuz.
Egoera zaila dirudien arren Latinoamerikan oraindik ere herri boterean oinarritzen diren hainbat esperientzia eraldatzaile (sistema kooperatibistak Uruguayn, berreskuratutako lantegiak Argentinan..) ematen ari dira. Eta gezurra badirudi ere Trumpek herriak batu eta indar antiinperialista indartu du. Feminismoa ere oso indartsu dagoen mugimendua dela esan digute, kontinente osoan antzeko diskurtsoak defendatuz. Esperantzaz beteta amaitzen ditugu egun hauek, kritikoa den herri honek helburuak argi baititu.

Gehitu iruzkin berria