Bi herri ditut maitatzeko eta mundu bat bere alde borrokatzeko

Pakito Arriaran

Hemen zaude

Lurrak bere barrenetik dardar egin dezala autonomiazko epizentroekin

2018an Mexikon hauteskundeak edukiko dituzte, boto zuzenez 6 urteetarako presidentea aukeratzeko, eta baita parlamentua eta senatua osatzeko ere. Hauteskunde bakoitza iristerakoan, horien garrantzia azpimarratzeko beharra edukitzen den arren, Mexikon datorren urtean edukiko dituzten hauteskundeek garrantzi berezi bat hartzen dute behetik eta ezkerretik pentsatzen dutenentzat. CNI-ak (Congreso Nacional Indígena), ordezkari bat aurkeztuko du Mexikoko presidentetzarako, Marichuy, indigena, 524 urteetan zehar jasandako zapalkuntza eta umiliazioaren aurkako sinboloa, eta emakumea, sistema patriarkatu honek gehien sufriarazten duen erdi horren duintasuna ikusgarri egiteko. CNI 1996ko urrian sortu zen, Mexikoko jatorrizko herri, tribu eta nazioentzako elkartasun, gogoeta eta organizazio gune bezala, sistema kapitalistaren aurka borrokatuz, kultura eta herri guztiek lekua edukiko duten Mexiko bat eraikitzeko helburuarekin.

2016ko urrian, EZLN-k orain arte defendatutakoaren oso bestelakoa zirudien proposamen bat eraman zuen CNI-ren 5.Kongresu Nazionalera: 2018ko hauteskunde presidentzialetara, hautagai independiente moduan, emakume indigena bat aurkeztea. Espero zuten moduan, zalaparta handia sortu zen ordezkari ezberdinen artean, baina eztabaida luze baten ondoren EZLN-ren proposamenak aurrera egin zuen kongresuan. Ondoren, CNI-a osatzen duten ordezkariek beraien herrietara jo zuten, bertako asanbladetan hautagaitzaren inguruko eztabaida eman zedin. Prozesu luze baten ostean eta herri guztietako pertsonen gehiengoak proposamena onartuta, CNI-k hautagaitza bere egin eta publiko egin zuen.

Irakurri osorik

Argi utzi nahi izan dute hautagaitza honen helburua ez dela jokoan dagoen botere instituzional hori bereganatzea, ez baitute uste Mexikok behar duen aldaketa goitik etorriko denik. Jatorrizko herrien egoerak Mexikoko agenda publikoan merezi duen lekua eduki dezan aurkezten dira hauteskundeetara. Antolatuta ez dauden baina zapalkuntza sufritzen duten Mexiko osoko indigenengana iristeko aurkezten dira. Indigenek, beraien kolore, historia, kultura eta hizkuntzengatik harrotasuna eta ohorea sentitu dezaten aurkezten dira. Emakume indigenak altxatu eta antolatu daitezen, emakume zapatistek egin zuten moduan, aurkezten dira. Sistema kapitalistak dakarren suntsiketaz langileriak kontzientzia hartu dezan aurkezten dira (bere burua antikapitalista moduan definitzen duen indar bakarra izango da hauteskundeetan). CNI-a indartu eta herri indigena gehiago biltzera iristeko aurkezten dira. Antolatuta dauden jatorrizko herrien borroka indartzeko eta gainontzekoentzat ispilu izateko aurkezten dira. Eta Mexiko guztiko sektore antikapitalisten arteko saretzea bultzatzeko aurkezten dira.

Behin CNI-ren ordezkaria izango dena Marichuy aukeratuta, hauteskunde egunera arteko bide luzeari hasiera eman zitzaion. Bide hau bera dute helburu, politika egiteko beste modu bat landu eta ikusarazteko, CNI-a osatzen duten herrialdeetako eta berau babesten duten pertsonen antolakuntzan aurrerapausoak emateko. Azkeneko hilabetetan CIG (Concejo Indígena de Gobierno) izango dena osatzeko lanetan ibili dira. CIG-a Mexiko mailan antolatutako herrialde guztiei eragiten dien arazoak lantzeko gunea izango da, politika egiteko beste badu bat aurrera eramango duena, horizontalki eta erabakiak modu kolektiboan hartuaz. CNI-aren parte diren jatorrizko herri guztiak ordezkatuak izango dira bertan eta parekidea izango da generoari dagokionean. CIG-rako ordezkariak aukeratzeko eztabaida eta asanblea ugari beharrezkoak izan dira komunitate guztietan, horrek dakarren aberastasunarekin. CIG-ak CNI-ren gobernatzeko 7 oinarriak bere egiten ditu: “eman eta ez hartu; ordezkatu eta ez ordeztu; eraiki eta ez suntsitu; obeditu eta ez agindu; proposatu eta ez inposatu; konbentzitu eta ez menderatu; jaitsi eta ez igo”.

Hautagai independiente moduan aurkeztuko denez Marichuy, legeak ia milioi bat firma biltzea behartzen du. Bakarkako kafe asko hartu beharko dira jendea maiteminduaz konbentzitzeko. Behar haina firma lortu eta onartuak izango balira, ondoren hauteskunde kanpainarako dirua lortzea letorke. IFE-k (Instituto Federeal Electoral) hautagai bakoitzari ematen dion diruari uko egiteko asmoa dute, eta auzolanean, behetik eta kolektiboki, beharrezkoa duten dirua lortzea dute helburu, dirua biltzeko bidean ere herria eraikitzen jarraitu dezaten. Eta honeraino iristea lortuko balute, ondoren kanpaina izango litzateke lana, eta ondoren hauteskundeak... Ez dakite noraino iritsi ahalko diren, baina argi daukate bidea dutela helburu. Mexiko guztian zehar ibiliko dira ordezkaria eta bere taldea, eta honekin sistema kapitalistak dakarren ustelkeria, zapalkuntza, txikizioa eta jendearekiko mesprezua ikusaraziko dute.

CNI-ren hautagaitza honek kritika ugari jaso ditu, espero zitekeen moduan eskuinetik, baina baita ezkerreko mugimenduetatik ere. Hauteskunde hauetara berriro ere aurkeztuko da Andrés Manuel López Obrador (AMLO), ezker instituzionaleko erreferentea. Oraingo honetan PRD alderdia utzi eta MORENA izeneko mugimendu bat sortuta aurkeztuko da. Inkesta eta iritzi askoren arabera, aukera handiak ditu AMLO-k hauteskunde hauek irabazteko. Eta CNI-ren hautagaitzari kritikak hemendik etorri dira, AMLO-ri bozkak kenduko dizkiolakoan eta eskuineko alderdiei (PRI; PAN) faborea egin. Zapatismoaren babesle eta La Sexta Declaración de la Selva Lacandona-ko sinatzaile diren eragile batzuekin egoteko aukera eduki dugu, eta zenbaitek MORENA babesteko unea dela iritzi dute. Nahiz eta mugimendu erreformista bat izan, azken hilabeteetan ideologikoki atzerapauso asko egin eta mugimenduan eskuineko hainbat politikari onartu, hala eta guztiz ere beharrezkoa ikusten dute MORENA-ri bozka eman eta botere instituzionalera iristen laguntzea. Mexikon bizi den une kritiko honetan, sistemaren gero eta eraso bortitzagoekin, gero eta ustelkeria nabariagoarekin, herri mugimenduen egoera zailarekin, boterean ahalik eta indar lagunkoiena edukitzea beharrezkoa dela iritzi dute. Eta Latinoamerika osoak bizi duen momentu delikatuagatik ere baliagarria izan daitekeelako Mexikoko botere instituzionala, EEBB-ei begira egotea baino, hegoalderuntz begira jartzea.

CNI-a osatzen duten komunitate indigenak urte luze hauetan erresistentzian borrokatu dute, baina akziora pasatzeko garaia heldu zaiela uste dute, jatorrizko herrialdeen, nekazarien, langilegoaren, ikasleen egoera tamalgarria ikusarazteko. Sistema politikoari astindu bat emateko. Politika egiteko beste modu bat azalarazteko.

Gehitu iruzkin berria