Bi herri ditut maitatzeko eta mundu bat bere alde borrokatzeko

Pakito Arriaran

Hemen zaude

Mundu asko kabitzen diren mundu baten alde

Mexikoko brigada “Festival compARTE por la humanidad, frente al capital y sus muros” bixitatzen izan da, gizarte zibila eta EZLNko kideek antolaturiko jaialdian. Aurtengoa bigarren edizioa da eta iada dozenaka dira bertan plazaratutako kultura eta borrokak.

Jaialdiaren lehen 5 egunak San Cristobal de las Casas hiriko CIDECI unibertsitatean izan dira, eta azken bi egunak Oventik karakol zapatistan. CIDECI unibertsitate indigena bat da, Centro Indigena de Capacitacion Integral - Universidad de la Tierra deiturikoa, zeinean 1989tik gazte indigenei formakuntza eskaintzen zaien.

Oventik zapatisten antolaketa ereduaren oinarri diren karakoletako bat da. 5 dira denera: la Realidad, Morelia, Roberto Barrios, la Garrucha eta Oventik. Karakolak udalerri autonomo zapatisten elkarguneak dira.

CIDECIn igarotako egunetan, Mexiko zabaleko eta munduko borroken berri izateko aukera eduki dugu. Horien artean, Kurdistango Rojava eskualdean emakumeen borroka kapitalismo eta patriarkatuaren kontra, eguneroko antolaketaren bidez gizarte berri bat eraikiaz. Bestetik, Oaxaca estatuko hegoaldean, megaproiektu eolikoen harira, bertako instituzio eta Euskal Herriko energia enpresen aurka (Gamesa, Iberdrola…) herritarrek aurrera daramaten borroka. Eta beste hainbat eta hainbat adibide.

Jaialdi osoan zehar oso presente egon da Mexikon emakumeek sistematikoki pairatzen duten jazarpena (biolentzia sexuala, desagerpenak, etab.), baita Ayotzinapako 43 ikasle desagertuen auzia ere.

Oventik karakoleko egunetan berriz, herrialde autonomoetako zapatistek sorturiko artea eta kultura ezagutzeko aukera izan dugu. Antzerkia, poesia, dantza eta musikaren bitartez, zapatistek beren borrokaren eta egunerokoaren inguruko mezuak helarazi dituzte, modu kritiko baina dibertigarrian.

Jorratutako gaien artean, aiton amonek hazendatuen finketan bizitako bortizkeriak, 1994ko altxamenduaren ondoren eraikitako antolakuntza eredua eta emakume indigenek, emakume eta indigena izateagatik, pairatzen duten zapalkuntza bikoitza izan dira. Goraipatzekoa da benetan zapatisten diskurtsoan zein argi dagoen justizia, bakea eta askatasunaren benetako etsaia sistema kapitalista neoliberala dela, eta gainontzekoak txotxongilo soilak direla. ¡Chinga tu madre Trump, chinga tu madre Peña Nieto!

Artea eta kultura oso garrantzitsuak dira zapatismoaren erresistentzia eta borrokan. Bide lagun izan dituzte 23 urtez estatutik jasandako zapalkuntzari aurre egiteko, eta heriotzaren sistema den kapitalismoaren aurkako borrokan indarrak hartzeko.

Aste honetan zehar CompARTE jaialdian hamaika izan dira elkarretaratze, erresistentzia eta mezu errebeldeak, baita itxaropenarenak ere. Zapatisten mezua gure eginez, herritarrak antolatzera eta borrokara animatzen dugu, geroz eta basatiagoa den sistema honen aurrean alternatiba eraikitzeko.

¡Zapata vive, la lucha sigue!

Jaialdiaren inguruko informazio guztia ondorengo webgunean aurkitu dezakezue: http://radiozapatista.org/?tag=comparte

 

Gehitu iruzkin berria

randomness