Ez al da izango pobreak pobre direla, beren goseak geuri ematen digulako jaten eta beren biluztasunak geu jantzi?

Eduardo Galeano

Hemen zaude

Urtarrilaren 1eko egunsentiaren bila

*Julen Zulaika Askapenako kidearen iritzi artikulua

Gaurkoa bezalako egun batean, duela bi hamarkada pasatxo, ustekabean, Mexiko urte berriari ongi etorria ematen ari zen bitartean, zapatistek indarrez hartu zituzten Chiapasko hiririk garrantzitsuenak: San Cristóbal de Las Casas, Altamirano, Las Margaritas, Ocosingo, Oxchuc, Huixtán eta Chanal. Izan ere,  urtarrilaren 1ean NAFTA (Kanada, EEBB eta Mexikoren arteko merkatu libreko ituna)  abian jartzera zioan eta gisa honetan erakutsi zieten behean eta ezkerreko jendeek, lurraren koloreko herriek agintari ustelei euren mespretxua. Ordura arte mendebaldeko edo mendebaldarturiko herritarrentzat alfer eta ezjakin hutsak ziren haiek, historiaren gurpilari aurre hartu eta neoliberalismoaren estrategian pausu ezinbesteko bat zena salatu eta berau aldarazteko eginahaletan, gaur arte irauten duen erresistentziari eman zioten hasiera.

Urteotan ez dira gutxi aurpegia estalita emakume eta gizonek munduari irakatsitakoak, gurean ere haietako askok lekua behar lukete seguraski; herri boterea egunerokotasunean nola egiten duten bere, ama lurrarekiko harremana...  Gaurkoan baina,  hitzarmen hark  izaniko ondorioak aztertu eta batez ere,  honen aurrean emaniko erantzun eta  sortu diren dinamikak azpimarratzea dagokit.  Geu ere, EEBB eta EBen  artean TTIP deituriko itun  baten ateetan gauden honetan,  bateko eta besteko elite politiko  nahiz ekonomikoak ezkutuan negoziatzen ari direna egun.

Atzera eginaz, orduko propaganda kapitalistak  mexikarrentzat lanpostuak sortu eta susperraldi ekonomikoa zekarrela bazion ere , errealitateak  oso bestelako ikusmira etsigarria marraztu  die:  bi milioi nekazari gutxiago daude egun Mexikon, merkatu yankeeak erabat irentsi du bertakoen bizimodua eta burujabetzaren ordez burua makurtu beharrean  dira zoritxarrez, bigarren eta benetako independentzia baten faltan.  Badira ordea, datu ekonomiko edo grafikoetan adierazten zailagoak diren galera kontaezinak; miseriara kondenaturiko  ezkutuko biztanleena esaterako, kutsadura edo naturari eginiko hondamendiak, jatorrizko herrien aurka burututako sarraskiak...  Izan ere, neoliberalismoaren ibilbidean, finantza arloak eta transnazional handienak botere ekonomiko zein  politikoa bereganatzen joan dira. Honela, merkatuak bateratzeaz gain, langileon, herrion edo norbanakoon eskubideei bizkar emanez, are indartsuago, ahalguztidunago bilakatu dira inperialismoaren munstro hauek. Besteak beste, honetara dator TTIPa bera ere gurera, geratzen zaizkigun eskubide apurrak lapurtzera, langileon duintasuna ukatzera, osasun, elikagai edo ama lurra babesteko  legeak  ezeztatzera, zapatistek dioten bezala, guztia gutxi batzuentzat baino ez  dadin izan.

Altxamendu hark ordea borroka ziklo berri baten hasiera ekarri zuen AbyaYalan , haien atzetik Ketxua, Aymara edo Maputxeek ere gogor ekin baitzioten. Hain gutxik espero genuen  Venezuelan berriz, iraultza bati eman zioten hasiera, egun, prozesu bolivartarra bezala ezagutzen duguna eta ordutik, XXI. mendeko izurriterik osasuntsuena  bailitzan, beste hainbat herrietara hedatua. Bide honetan,  ALBA bezalako proiektuen bitartez, batasun  hori praktikan irudikatzea lortu dute. Horra hor herri burujabeek inperialismoari emaniko erantzun paregabea, elkartasunean eta herriaren  beharretara egokitutako alternatibei bultzada emanez, eta ateak itxiz mendekotasunean eta zapalketan oinarrituriko hitzarmenei, men eginiko hitzari alegia. Horra, gure itsasoaren bestaldeko lagunek eskainitako irakaspen paregabea, atzeko patio zena munduaren erakusleiho bilakatzeraino.

Eta geu ere, berandu  baino lehen, herri burujabeen oihala josten hasi beharrean gaude, gisa honetako itunei hortzak erakustearekin batera. Erantzun dinamiketan itsutu baino,  inperialismoak egiten duen bezala, eta honetan badugu zer ikasia,  epe luzera pentsatu, hausnartu eta sendotasunez bidea egiten hasi beharra daukagu, beti ere, EB edo EEBBen zapalkuntza markoetatik kanpo. Honela,  gutxiengoei mesede egiten dieten itunak lurperatu eta gehiengoentzat borroka egitea da gure eginbeharra, “gobernu onak” herri langileen mesedetara jarriz, aginteak, legeak eta baliabideak  herritik eta herriarentzat  bideratuz. Eta honetarako, irudika ditzagun  kaleak biharko aldaketen eztabaida leku, inoren zain egon gabe,  nor garela aldarrikatuz, guztia dugulako egiteko. Gure bidea  ez baita neoliberalismoaren aurkako borroka soila, jakitun gara arazoa sistema kapitalista bera dela.

Eta modu honetan,  erasoaldi ikaragarri honen aurrean,  internazionalismoa bezalako hitzok ezinbesteko esanahia hartzen dute. Honela,  herri langileon burujabetza aldarrikatzearekin batera,  TTIPa eta gisa honetako eraso bidegabeei batera  erantzunez, guztion arteko batasuna auzolanean  eraikitzeko behar izan historikoa dugu.

Ez dira hauek baina  ameskeria utopia zaleak,  azken batean  zer da bada eskatzen duguna, geuk ere Irati basoaren bi aldeko  euskaldunok, gainerako herri langile eta zapalduen antzera? Teilatu bat, lurra, lana, ogia, osasuna, hezkuntza, independentzia, askatasuna, justizia eta bakea. Hauexek ziren 1994ko egunsentiko  zapatisten banderak, hauexek dira egun gure eskaerak  ere 500 urteetako gau luze honetan.

Gehitu iruzkin berria

randomness