Erromako dozena erdi politikarik eta abokatuk agerraldia egingo dute hurrengo larunbatean Erromako Espainia plazan bilbotarraren askatasuna galdegiteko eta Espainiako Estatuak haren aurka eraikitako “muntaia errepresiboa” gaitzesteko.
Elkartasun sareak elkarretaratzea egingo irailaren 29an Justizia Ministerioaren aurrean.
100 egun baino gehiago pasa dira Lander Fernandez Erroman atxilotu zutenetik. Ia bi urtez Erroman bizimodu normala egiten egondako euskal militante gaztea Italiako Poliziak, Auzitegi Nazionalaren eskari bati erantzunez, ekainaren 13an egindako operazio batean atxilotu zuten.
Haren askatasunaren alde sortutako elkartasun sareak ohar batean dioenez, “leporatzen dioten delitua oraindik frogatu gabe dago, terrorismoarekin zerikusirik ez du eta Italiako sistema juridikoa aintzat hartuta preskribatua egongo litzateke”.
Sare honen arabera, Espainiar Gobernuaren “muntaia errepresibo baten ondorioz” Fernandezek 100 egun daramatza etxean atxilotuta, askatasunik gabe. “Muntaia honek ez ditu justifikatzen ez espainiara estraditzea ezta Italian preso mantentzea”, uste dute.