"Garapenerako bidean dauden herriak", auzokoen garapenak zapaldutako herriei adituek ematen dieten izena da

Eduardo Galeano

Erroma: atzo eta gaurko borroka

Abuztuaren 8an, asteartea, iritsi ginen Erromara. Heldu bezain laster, erdigunean kokatzen den jabetza publikoko bulego eraikin erraldoi eta okupatu batera eraman gintuzten. Hurrengo egunetan bertan geldituko ginen lotan, beraien etxea egin duten 400 bat bizilagunekin batera. Erromako etxebizitza eskubidearen aldeko mugimenduaren parte den Action kolektiboak okupatu zuen duela bi urte, eta jatorri eta adin guztietako jendearen artean kudeatzen den proiektu bat da. Kide batek azaldu zigun bezala, beraien helburua etxebizitza lortzeaz gain (“lotta per la casa”) bizitzaren alde borrokatzea ere bada (“lotta per l’abitare”). Eraikin berean uztartzen dituzte proiektu desberdinak, besteak beste Spin Time izeneko laborategi soziala, enoteka, jantoki soziala, edo auzorako hitzaldi aretoa.
Ondoren San Lorenzo auzora joan ginen La Strada zentro sozialeko gazteekin. Langile auzo honek borroka historia luze bat du, Mussolini eta bere faxisten Erromaren gaineko martxa geldiarazten saiatu zen bakarra izan baitzen. 1945ean Estatu Batuek bonbardatua izan eta gero 70. hamarkadan ezker extraparlamentarioko mugimendu desberdinek (Potere Operaio, Lotta Continua, ikasle mugimendua…) auzoaren kontrola bereganatu zuten. Gaur egun garai horretan sortutako zenbait proiektuk zutik diraute, Radio Onda Rossa irrati autogestionatua, Ventidue feminista eta lesbianen etxe okupatua edo Trentadue zentro soziala bezalaxe. Erromako unibertsitate nagusienetik oso gertu izanik, beste hainbat okupazio proiektu ere garatzen dira San Lorenzon: Studentato De Lollis ikasle erresidentzia, Nuovo Cinema Palazzo antzokia, Palestra Popolare gimnasioa eta ESC Atelier ikasleen zentro soziala.

Hurrengo egunean Salvatore BRtako militante ohiarekin hizketaldia eduki genuen Radio Onda Rossaren egoitzan. 30 urteko kartzelaldia izan zuen, eta erromako mugimendu iraultzaileen bilakaeraz eta irratiaren historiaz hitz egin zigun. Baita kartzela barruan izandako esperientzietaz eta borroketaz ere.
Erroma hegoaldeko itsasoan kokatzen den Bilancione izeneko espazio autogestionatuan bazkaldu genuen eta bere hondartzan bainu bat hartu eta gero, Tufello auzora abiatu ginen.
Bertan Astra gaztetxeko kideekin elkartu ginen. Urtero auzoan antolatzen duten hainbat eguneko festibala bukatu berria zeukaten. Gaztetxetik Palestra Popolare Valerio Verbano-ra joan ginen. Valerio faxisten eta Italiako zerbitzu sekretuen arteko harremanak ikertzeagatik bere gurasoen aurrean eraildako auzoko gaztea zen, eta bere memoria oso bizirik jarraitzen du herrian, muraletan, pintadetan, espazio autogestionatuetan… bere presentzia nabaria da. Studentato Puzzle gazte prekarioen etxebizitza proiektua eta eskola autogestionatua ere bisitatu genuen; bertan migranteentzako italiano klaseak, haurrentzako errefortzu klaseak, komikigintza tailerra eta abar antolatzen dituzte.
Eguna La Torre zentro sozialeko gaueko jantokian afaltzen bukatu genuen.
Ostegunean memoria historikoaren inguruko bira bat egin genuen: Porta San Paolo hasi ginen, bertan nazifaxisten aurkako Partigianien defentsak borroka luze eta gogorra eman zuen, Gramsciren hilobia bisitatu genuen eta Fosse Ardeantine espaziora gerturatu ginen: bertan nazifaxitek 335 erromatar mendeku gosez hil izana gogoratzen da.

Irakurri osorik

Shatila (Beirut-Libano), errefuxiatu ahaztuen hiriburua

Maiz ahazten dute askok, desinformazio mediatikoa dela medio, palestinar gehienak palestinatik kanpo bizi direla. Milioika lagun dira diaspora osatzen dutenak, asko eta asko 1948an eratutako errefuxiatu guneetan. Zisjordania, Gaza eta lurralde okupatueko borroka ezkutaezinak dira. Hortik kanpo dauden errefuxiatuak ordea, gutxitan aipatzen dituzte erakunde eta medioek. Horixe da Libanon bizi diren 445.000 palestinarren egoera. Hauek Shatila dute hiriburu, ez biztanleriagatik, Ein el Helwe baita errefuxiatu-gune handiena. Baizik eta, Shatila errefuxiatuen sufrimenduaren islada delako. 1982ko sarraskiagatik bihurtu zen ospetsu eremu hau. Baina egungo egoera ez da hobea; eskubideen urraketa eta marjinalizazioa, egunerokotasunaren parte dira Shatilan, errefuxiatu ahaztuen erakuslerik onena.

Irakurri osorik

Bilboko Aste Nagusian Karpagune internazionalista

Badator Bilboko Aste Nagusia eta Askapeña konpartsarekin batera egitarau bikaina antolatu dugu Karpagunean.

Deialdi berezia egin nahiko genuke abuztuaren 20ko Visca La Terra egunera eta abuztuaren 25ean burutuko dugun Askapenaren 30. urteurreneko ekitaldira

Hemen duzue Karpaguneko egitarau osoa:

Iraultza bolibartarra: sozialismo instituzionala edo herri boterea

2017 Venezuelako brigadistak Meridara iritsi berri gara. Orain bitartean, Caracasen egon gara. Bertan azken 19 urtetan aurrera eramandako prozesu iraultzaile bolibartarrean sakontzeko aukera izan genuen eragile ezberdinekin.

Alde batetik Venezuelako Gobernu Bolibartarraren politikak ezagutu ahal izan genituen. Lehenik Emakumeen Herri Botererako Ministeritzan izan ginen. Bertan Anais Colmenares, Emakumeen Garapen Sozio-produktiboaren ministro-ordearekin eta Asia Villlegas Pol, Genero Parekidetasunaren eta Diskriminazio Ezaren ministro-ordearekin izan ginen. Garapen Sozio-produktiboaren ministeritzak emakumeek arlo sozio-produktiboan aurrera egin dezaten diru-laguntzak eta laguntza materialak ematen dizkie. Honez gain, interesgarria iruditu zitzaigun jakitea Venezuelako legediaren barnean etxeko eta zaintza lanek errekonozimendua dutela eta helburu dutela etorkizuenan, hauek bermatuta duten ordainsaria ematea Inperioak eragindako gerra ekonomiko zikinari aurre egin diezaioketenean.

Genero Parekidetasunaren eta Diskriminazio Ezaren ministro-ordeak, aldiz, borborrean duten proiektua azaldu zigun. Biolentzia obstetrikoaren aurrean emakumearen nahien eta eskubideen alde jokatzen duen erditze prozesu bat babesten dute. Izan ere, Venezuelan haurdun dauden emakumeen %52ari zesarea bat egiten diote, nahiz eta OMSek datu hauek %10aren inguruan egon beharko liratekela esan. Datu honek argi uzten du bortxa obstetrikoa arazo hegemoniko bat dela Venezuelan. Emakumearen nahien aurrean interes patriarkal eta ekonomikoak gainjartzen dira. Berriro ere, emakumeen gorputza merkantilizatzen da kapitalismo patriarkalaren mesedetan.


Brigadistak Asia Villegas Pol ministro-ordearekin

Irakurri osorik

Italiako herri mugimendua ezagutzen

ALTA FELICITÀ festibala bukatzean, uztailaren 31n, Milanera abiatu ginen bi kotxeekin eta eguerdi aldera ailegatu ginen. Transiti 28 CSOAn gure kontrapartearekin elkartu ginen eta bazkaldu genuen. Transitik 40 urte daramatza okupatuta, eta haren barne antolakuntzaz eta funtzioaz hitz egiten egon ginen: Lotta per la casa mugimenduarekin oso lotuta dago eta etxebizitzaren inguruko borrokan parte hartzen du.

Bazkal ostean, kotxeekin abiatu ginen faxistek Dax gaztea hil zuten lekura. Dax mugimendu antifaxistan zebilen gaztea zen, eta faxistek labankadaz erasotu zuten gau batean. Ospitalera eraman zuten eta han hil egin zen, eta istiluak izan ziren elkartasuna adieraztera joandako lagunak poliziak bota nahi izan zituelako.

Hainbat eraikin okupatu ikusi genituen Lotta per la casa mugimendari buruz mintzatzen ginen bitartean. Milanen 3000 etxe publiko (instituzioenak) daude hutsik eta hau dela eta okupazioak etxe publikoetan egiten dira batez ere, asignatu egin behar direla eta pertsona orok etxebizitza eskubidea daukala aldarrikatzeko.

Jarraitu irakurtzen

Ongi bizitzea: heriotzaren politikatik bizitzaren politikara

2005etik aurrera Boliviako herria eraldaketa prozesu bat aurrera eramaten ari da. Indar eraldatzaileek 2 aukera dituzte: ordena zaharra mantendu edo benetako eraldaketa gauzatu. Benetako eraldaketa gauzatzeko mundua beste era batean pentsatu behar dugu. Europan  hegemoniko diren  neoliberalismo, kapitalismo eta patriarkatuak sortu duten gizartea dominazioan eta explotazion oinarritua dago. Eta hori Boliviara zein Latinoamerikara hedatu da. Mundua gizonaren (patriarkala), norbanakoaren (indibiduala), mendebaldearen (arrazista), ikuspuntutik pentsatzen da. Boliviaren erronketako bat da balore horiei buelta eman eta ondo bizitzea erdigunean jartzea. Nola? Bizitza emakumearen, indigenaren, langileriaren ikuspuntutik pentsatuz, kosmosarekin oreka mantenduz. Eta horretarako beharrezkoa da bizitza eta bizitzaren erreprodukzioa oinarri dituen politika, kultura eta ekonomia garatzea.

Bolivian ongi bizitzearen baloreak konstituzioan jaso zituzten. Ongi bizitzea bizitza filosofia da, eta erronka nagusia balio horiek praktikara eramatea da, batez ere, hiriguneetan. Pentsamendu indigenaren arabera, kapitalismoaz gain, sozialismoa ere mendebaldean pentsatu da. Hortaz, sozialismoa bera birpentsatu behar da, komunitatea erdigunean jarriz. Hortik eratorri dira sozialismo zein feminismo komunitarioaren proposamenak.

Euskal Herrira etorrita, feminismoak saiakera egin du bizitza erdigunean jartzeko. Ekonomia feministaren oinarria hori izanik, aurten Azpeitian Bilgune Feministak antolatutako ekonomia feminista foroan ongi bizitzearen norabidean dauden praktikak azaldu ziren: elikadura burujabetza, gure lurraren defentsa, ekonomia sozial eraldatzailea, etab.

Dena den, ongi bizitzea ez da arlo batean aplikatu beharreko zerbait, bizitzako esparru guztietan baizik. Horretarako galdera andana ditugu nork bere buruari eta herriari egiteko. Adibidez, nola sor genezake naturarekin orekan dagoen fabrika bat? Inolako klase, arraza zein genero dominaziorik gabekoa? Komunitatean, indibidualismorik gabe funtzionatuko duena? Nola egingo dugu?

Benecio Quispe unibertsite aymarako errektore ohiarekin ongi bizitzeari buruzko hausnarketak elkarbanatu genituen

Orriak

Subscribe to Askapena RSS