Gure mendekua geure haurren irribarreak izango dira

Bobby Sands

Zisjordaniatik 48ko lurraldeetara: okupazioak baditu milaka aurpegi

Ramallah atzean utzita jo genuen landa eremuan kokatzen den Nabi Saleh herrixkara. Bertako 600 biztanleak familia berekoak direla azaldu ziguten eta egunerokoan talkak ugariak direla parean duten asentamentuan bizi diren kolonoen eta euren artean. 2009an eraikitako asentamentu honetan Nabi Salehko biztanleriaren bikoitza bizi da. Ordutik, ostiralero erresistentzia baketsua praktikan jartzen dute euren lurraren alde. Dena den, azken aldian alde batera utzi behar izan dituzte mobilizazioak, erresistentzia baketsuari ohi baino bortitzago erantzun diolako polizia israeldarrak: gas negar-eragile potenteagoak, balak, etab. Bortizkeria honen adibide garbia, herria utzi eta egun batzuetara polizia israeldarrak bertako gazte bat erail izana.

Manal Tamimi palestinar aktibistak jaso gintuen bere etxean. Herriko komite popularreko eta borrokarako komite popularreko kidea da, abokatua eta hainbat eta hainbat eragileekin herrialdearen aldeko ekimen ezberdinetan parte hartutakoa.  

Nablusera iritsi berritan Waelek herriko hainbat eragileekin batera ongi etorria egin zigun. Nabluseko herri mugimendua ezagutzeaz gain, Euskal Herriko egoera soziopolitikoa azaltzeko aukera izan genuen. Bertan, besteak beste, emakumeen mugimenduko eta gazte mugimenduko kideak, idazleak, bertako errefuxiatu kanpamenduko eragileak eta Jordan Valleyeko ordezkaritzarekin bildu ginen. Hiri zaharra ezagutu ostean, Beit Alkarama elkarteko emakumeak ezagutzeko parada izan genuen, Fatima Kadoomek kontatu zigun nola bigarren intifadan setiatu eta birrindu zuten Nablus, eta hauts horietatik nola sortu zuten emakumeentzako proiektua. Etxeak berreraikitzen ari zirela, konturatu ziren ondoko etxea estrategikoki egokia zela bertan beraien zentroa eraikitzeko. Behin eraikina sortuta Italiatik etorritako lagun batek sukaldaritza klaseak emateko ideia eman zien. Hasieran ideia gehiegi gustatu ez zitzaien arren gerora tradizio eta kultura palestinarra eta erresistitzeko modu egokia iruditu zitzaien. Beraiekin dantza eta kantuan aritu ostean, elkarrekin prestatutako afariarekin borobildu genuen gaua.

Hurrengo goizean, Human Supporters Associationeko kideekin elkartu ginen, bigarren intifadaren hasieran hasi ziren lanean beraien etxeetan setiatuak zeuden familiei laguntza eskaintzen. Bigarren intifada bukatu ostean, umeek sufrimenduari aurre egiteko irribar egin zezaten hasi ziren lanean. Bilera amaitu ostean Balata errefuxiatu kanpamentura joan ginen. Bertan 32.000 pertsona bizi  dira 0,25 km karratuko azaleran. Yaffa Cultural Center izan zen lehenengo intifada amaitu ostean kanpamentuan lanean hasi zen lehen GKEa. Gerora hainbat proiektu gauzatzen dituzte bertan; esaterako zinema, antzerkia, dantza tradizionalak, familientzako sostengu psikologikoa, eta Nabluseko herentzia kulturala babesten dute.

Balatako emakume errefuxiatu batek bere bizipenak kontatu zizkigun eta bere gurasoen Yaffako etxeko giltza erakutsi zigun, noizbait hara itzuliko direnaren esperantzaren ikur.

Nablusetik Qalqilyara joan ginen, bertan, HWC eragileak emakumeentzako sekzio berezia baitu eta hau gertutik ezagutzeko asmoz. Bertako zuzendariak azalpen orokorrak eman ostean Qalqiliako testuinguru sozioekonomikoari buruz gehiago jakin ahal izan genuen. Osasun zentro honetan 1990. urtetik biztanleriaren osasun egoera kaskarrari aurre egiteko hainbat zerbitzu eskeintzen dira, eta bereziki emakumeen arazo eta beharrei erantzuteko programak dauzkate. Hanan Abu Ghoush, emakumeentzako osasun programaren zuzendaria, elkarrizketatu ahal izan genuen eta bertako emakumeen egoera hobeto ezagutu.

Haifa izan dugu azken parada, bertatik 48ko lurraldearen lagin baten bidez beste alde honen errealitatea bizitzeko aukera izanik. Haifa hiria 1948ko Nakbaren ostean israeldarren kontrolpean dago, bertako palestinarrak legalki israeldar arabiar izendapena jasotzen dutelarik. Bertako palestinarrak normalizazio eta asimilazio kulturalaren aurrean erresistitzen duen minoria batean bihurtu dira, bertako asko 48tik aurrera errefuxiaturik daudelako hainbat kilometrotara eta beste herrialdeetan. Haifako zentro feminista bisitatu dugu. Han eragile ezberdinek lan egiten dute emakumeen ahalduntze eta borrokaren antolakuntzan. Kayan erakunde feministako kide batek, elkarrizketa atsegin baten bitartez, lurralde hauetan lantzen diren feminismoaren ildo nagusiak azaldu dizkigu.

Azken egun hauetan, piztu da haserrea Al-Aqsan jazotako gertakarien harira. Herriak tinko dirau eguneroko jazarpen, atxiloketa, indarkeria eta erailketen aurrean. Gaur bigarren intifada piztu zen leku berean piztu da sua. Gu bagoaz, iritsi da gure bidaiaren amaiera, gertutik itxaropentsu jarraituko dugu herri honen borroka.

Yallah Palestina!
Yallah herri askeak!
 

 

Palestinako brigada feministaren azken agurra Ramallahtik

Aida camp: forza la revoluccione

Sartu eta berehala konturatu ginen bertako errealitateaz, okupazioaren ondorioak eta bertakoen erresistentzia inon baino ikusgarriagoak egin zitzaizkigun. Errefuxiatu kanpamendu hau 1950. urtean eraiki zen, Jerusalem eta inguruetako herritarrak kanporatuak izan zirenean. Lur horiek Aida izeneko emakume batenak ziren eta honek errefuxiatuei eskeini zizkien bertan bizi ahal izateko. Haren omenez du izena.

Raquel, judutarren ama omen denaren hilobia babesteko 8 metroko harresiak bihurgune itogarria osatzen du Aida inguruan. Israeldarren eskola bat dago hilobiaren ondoan, horrek presentzia militarra areagotzea dakar, eta konfrontazioa egunerokotasunean.

Bilal izan dugu bertan gure familia, gazte borrokalaria eta jatorra, umorez gure estantzia alaitu eta aukera ezberdinez bete duena. Harekin ezagutu genituen 2. intifadako testigu izan ziren Aidako kale nagusiak eta bertan gazteek erabilitako estrategia ezberdinak erresistitu eta tropa inbaditzaileen aurka borrokatzeko. Teilatu batetik ikusi ahal izan genuen Bilalen etxea, harresiaren beste aldean. Hau eraiki aurretik bost minutuan bertan izango ginela azaldu zigun, eta nola gaur egun bertara iristeko ordu eta erdiko bidaia izango genukeen, tartean oztoporik jarriko ez baligute.

Hainbat gazteren istorioak kontatu zizkigun estantzia osoan zehar. Nola errepresio eta jazarpenaren bidez familia osoak itotzen saiatzen diren, egunerokotasunaren parte dira soldaduen inbasio eta atxiloketak. Han igarotako gau batean nerabe bat atxilotu zuten, eta bigarrenean saiakeran gelditu zen haien nahia.

Aida Camp Belen eta Beit Sahour herrietatik gertu dago, eta Health Work Comittee, Badil, TAM eta AIC eragileekin biltzeko aukera izan genuen.

Juani Rishmawi madrildar palestinartuarekin elkartu giñen Health Work Comitteen egiten duen lanari buruz hitz egiteko. Haien lana 2. intifadaren gehiegikeriak eraginda hasi zen, egoera larri horri autogestioaren bidez erantzun behar izan ziotelako. Lan horren bidez mediku eta emakumeen artean konfidantzazko harreman bat sortzea lortu zen. Horrela, emakumeek kontsulta espazio segurutzat hartuta haien beharrak jasotzeko aukera izan zuten eta bertatik proiektu espezifikoak martxan jartzea erabaki zuten. Egun, osasun arloan emakumeak ahalduntzeko proiektuak dituzte martxan; informazioa eskeintzen diete haurdunaldi kontzienteak izateko, lehengusuen arteko ezkontzen arriskuak ezagutzeko, osasun arloko hainbat eta hainbat formakuntza eskeintzen dizkiete, e.a.

Badil errefuxiatuen aldeko eragileko kide da Amaia beasaindarra. Errefuxiatuen egoeraren berri eman zigun bere bulegoan bertan. Palestinarren bi herena errefuxiatua da, eta orotara 8 milioi dira Libano, Siria, Jordania zein palestinar lurraldean bertan sakabanatuta daudenak. Sakabanaketa honek elkarlana zailtzen diete, Skype bidez antolatu behar izateraino, edo jardunaldiak Txipren egitera iristeraino. Jordaniako populazioaren %60a palestinarra da, Gazan milioi batera iristen dira, 300 000 Libanon, desplazatuak 400 000 dira israeldar lurraldeetan, 500 000 Zisjordanian eta beste hainbeste, Sirian. Emakumeei dagokienez, mobilizatzeko tresnak eskeintzen dizkiete eta haien eskubideen berri ematen diete. Israeldarren politikak salatzeaz gain, hauek palestinarrengan dituzten ondorioak lantzen dituzte. Kolonizatzaileek palestinarrak euren etxeetatik botatzeko estrategiak 9 multzotan banatzen dituzte; erresidentzia baimenak mantentzeko zailtasuna Jerusalemen; joan-etorrietarako baimen sistema checkpoint bidez kontrolatua; lurren konfiskatzea, lehenik bizi baldintzak zailduz (segurtasunaren izenean harresiak edo soldaduak jarriz, isurbideetako ura soilik emanez, zerbitzuak murriztuz), euren kabuz alde egiten ez badute pixkanaka lurrak bereganatzeko, e.a.

Alternative Information Centerreko Ahmedekin, Hebroneko koordinatzailearekin biltzeko aukera izan genuen Beit Sahourren. Mugimendu sozialen parte den eragile honek informazio alternatiboa eskaintzeaz gain, komunitate internazionala interpelatzeko lanean dihardu. Bertan, palestinar kausarekin konprometituta dauden israldarrekin elkarlanean aritzen dira. Bestalde, arte ikastaroak antolatzen dituzte batez ere emakumeentzat, genero perspektiba kontuan hartzen baitute.

Azkenik, Women and Media Developmenteko (TAM) koordinatzaile Suheirrekin elkartu ginen Belenen. Erakunde honek bi norabidetan egiten du lan; media errealitatearen isla den heinean errealitatea eraldatzeko tresna gisa ulertzen dute. Emakumearen irudi estereotipatuarekin hautsi nahi dute eta emakume ahaldundu, jantzi, politikan parte hartzen duenari espazio egin. Formakuntza eskaintzen diete beraien proiektuetan detektatzen dituzten beharrei erantzuteko eta subjektu aktibo bilakatzeko. Pobrezia eta indarkeria mota guztiak pairatzen dituzte emakumeek eta horregatik, lan egiten dute haien ahalduntze eta pobrezia egoera hobetze bidean. Emakumeak media sortzaile izateko formatzen dituzte, horrela haien ikuspuntua ezinbestean islatuko delako bertan.

Ongi etorri batekin eman genion agurra Aida Campi. Kolonoei lapurtutako kotxe batean ibili ginen Beleneko kaleetan zehar; dantza eta irrintzi. 17 urteko Bilalen iloba askatu berri zuten espetxean 8 hilabete eman ostean. Behin kanpamentura iritsita, beste emakume guztiekin batera balkoi batetik ikusi genuen beheko gizonen festa.

Iluntze ederra eskaini ziguten Bilal eta bere lagunak, egoera intimoagoak haien bizi esperientzia eta hausnarketei bide eman zien, eta besteak beste, azaldu ziguten nola beraientzat etorkizuna zail ikusten duten eta borrokarako indarrak bost urtetik beherako haurren geroan pentsatuz biltzen dituzten.

Estradiziorik ez! Nekane libre!

Nekane Txapartegik bizi duen egoera salatzeko batu gara gaur hemen. Dena 1999an hasi zen, Baltasar Garzon epailearen aginduz “dean ETA da” tesipean Guardia Zibilak atxilotu zuenean. Nekane torturatua izan zen: elektrodoak, poltsa eta horiez gain tortura sexista ere pairatu zuelarik, atxilotuak izan diren ia euskal emakume guztiak bezala. 2006an epaitu zuen Auzitegi Nazionalak, 18/98 sumarioaren Xaki atalean. Ondoren, estatu espainiarretik alde egin zuen, berriro atxilotua edota torturatua izateko arriskutik ihesi.

Iazko apirilean atxilotu zuten berriz ere gure laguna. Baina oraingoan Zurichen Espainiako Poliziarekin batera egindako operazioan. Ordutik inkomunikazio egoeran eduki dute eta gaurkoan hona ekarri nahi dugu, espetxe horietan bizi duen egoera lazgarria, Espainia eta Frantziako espetxeetan gertatzen den legez, emakume izate soilagatik bakartua baita.

Orain, suitzar epaileek duela hilabete batzuk Nekane espainiaratzeko erabakia berretsi dute. Beste behin ere espainiar presioei men eginez, Nekanek salaturiko torturen testigantza albo batera utziaz eta asilo politikoa ukatuz. Suitzar gobernuak tortura zantzuak  izanez gero estradizioa ukatu beharko luke, beraien legeek horixe baitiote, eta hori, ikusi nahi duenarentzat, begi-bistakoa da: Nekane espetxeratzeko oinarri bakarra bere polizia aurreko autoinkulpazioa da. Hor ditugu Pako Etxeberriaren lantaldeak egindako azterketaren emaitzak; baita Suitzan bertan egindako azterketa psikiatriakoak eta berarekin atxilotu zuten Mikel Egibarri egindako Estanbul-eko protokoloa; edo bereziki OMCT erakundeak egindako eskaera. Nekane torturatua izan zela argi eta garbi uzten dute horiek guztiek. Suitzak estradizioa onartzeko duen arrazoi bakarra guztiz politikoa dela salatzen dugu. Erabaki hau hartzeko justifikazioa Europar Batasunaren barnean torturarik praktikatzen ez dela esatean oinarritzen delako. Beste behin, arrazoi diplomatikoek, giza eskubideek baino gehiago balio dutenaren seinale.

Beraz, erabakia guztiz arbuitu eta salatzera etorri gara gaurkoan. Eta ez soilik hemen, Bilbon, izan ere hamaika dira Nekanerekin elkartasunez egindako ekimenak Suitzan, Euskal Herrian edota Argentinan. Aipamen berezia merezi du Nekaneren askatasunaren inguruan sortutako FreeNekane plataformak, hasiera hasieratik erakutsitako babes eta determinazioarengatik. Horrelako ekimenek argi erakusten dute euskal preso politikoak ez daude bakarrik.

Amaitzeko, gaurkoan gure elkartasun eta besarkadarik sentituena helarazi nahi diogu Nekaneren inguruari eta Nekaneri, berari, nola ez. Ez zaude bakarrik, Nekane, bai Suitzan eta baita Euskal Herrian ere sortu diren babes eta elkartasun sareak josten jarraituko ditugu. Elkartasun feminista eta internazionalistari esker, lortuko dugu!

Nekaneren Estraditazioari ez!
Asilo politikoa orain!
Nekane askatu!

Hebron; apartheida gertutik edo nola makroa mikroan islatzen den

Bitan zatituta dagoen hiri jendetsura iritsi ginen, Jericho atzean utzita. Bertan Badia eta bere familiak bere etxean hartu gintuen. Badia Human Right Defenderseko kidea da, eta erakundearen helburu nagusia giza eskubideen urraketa oro bistaratzea da. Horretarako erabiltzen dituzte kamerak eta eskoletan gazteei filmaketa formakuntza saioak eman ere.
 
Bere etxean giñela Badiak dei bat jaso zuen, soldadu israeldarrak kide baten etxera sartzen ari ziren makina bat eramateko asmoz.  Korrika abiatu giñen hiria H1 eta H2 zatitzen duen checkpoint batera. Bertan ikusi ahal izan genuen soldaduen erasoen  filmaketa lana eta herritaren babesa kideekiko.

Etxera iritsi ginenean ulertzea kostatzen ari zitzaigun giro aztoratu baten erdian etxeko bi alabak ezagutu genituen. Alaba nagusia berak azaldu zigun gertatzen ari zela. Etxera itzultzen ari zirela eraso matxista bat jasan zutela. Lehenengo konplizidade momentu bat bizi genuen galdetu zigunean: “hau han ere gertatzen zaizue zuei?”. Halaxe sentitu genuen patriarkatuak guztiok zeharkatzen gaituela; kultura bakoitzean, espresio eta era ezberdinetan ematen den arren.

Enegarrenez falafela jaten hasi genuen eguna, eta ondoren, Badiarekin Hebrongo egoera politikoa ulertzeko turrari ekin genion. 1997. urtean herria bitan zatitu zuten: H1, palestinarrek administaturiko zatia eta H2, Israeldar okupazioaren kontrolpean. H2 bereganatzean milaka palestinar bota zituzten beraien etxeetatik, hau, egun oraindik darabilten politika dugu. Palestinarren mugimendu askeak debekatzen dituzte haien hirian bertan.

Hebroneko alde zaharreko kale nagusietako bat bitan banatuta. Alde bat israeldar eta internazionaletzat garbi eta egoera onean, beste aldea zaborrez betea eta baldintza kaskarretan palestinarrentzat

Hebroneko alde zaharreko kale nagusietako bat bitan banatuta. Alde bat israeldar eta internazionaletzat garbi eta egoera onean, beste aldea zaborrez betea eta baldintza kaskarretan palestinarrentzat

H1; jendez gainezka kaleak, kotxez gainezka errepideak, kaosa eta poza.
H2; etxe hutsak, kolono bakarren batzuk eta soldadu ugari kantoietan.

5 settlement daude herriaren erdigunean eta beste hainbait periferian. KiryatI Arba da hoietatik asentamentu zaharrena 68.urtean eraiki zen, 8000 kolono bizi dira bertan eta bertatik ibili ginen Badiarekin. Hiriaren barrualdean 80 checkpoin daude eta azken hilabetean 4 berri egin dituzte. Behin hiri zaharrera jetsita, apartheidaren egoera gordinenaren eszenatokian geunden. 1994an kolonoek mezkitan egindako hilketak aitzakiatzat hartuta, bitan banatu zuten eraikina, erdia mezkita mantenduz eta erdia sinagoga bihurtuz. Bertara sartzeko segurtasun checkpointak ipiniz.

Turrean zehar hainbat eragile eta aktibistarekin biltzeko aukera izan genuen eta haien artean aipagarriena emakumeen ikuspuntutik lantzeko aukera eman ziguten bi testigantza: Center of Women Programers eta Human Rights Defensor erakundeko militante eta bideogilea. Center of Women Programers 1954an sortu zen UNWRAren laguntzaz baina egun independenteak dira, emakumearen ahalduntzeren alde lan egiten dute.

Ordura arte bizitakoak erakutsi zigun israeldarrek ez dutela soilik lurra lapurtzen eta nola historiaren, kulturaren, jazkeraren eta tradizioaren jabetzean diharduten baita ere, haien okupazioa justifikatzeko.

Kolonizazio makroa hiri mikrora ekarrita, palestinar lurralde osoan gertatzen denaren ispilu ezinhobea da Hebron. Etsaiak ez baititu soilik herrixkak eta errepide nagusiak banatzen, Hebrongo biztanleek ezin dituzte alde zaharreko euren kale estu guztiak zapaldu, kaleak ere hesiz banatzen dituztelako. Zerua itsaso zikin bat da alde zaharreko bizilagunentzat, zaborrez beteriko burdinazko sarearen eta batez ere, kolonoen azpian erresistitzen baitute.

 

David eta Hamburgon atxilotuak askatu!

Irola irratiko irratsaioa G20ko gailurraren inguruan

Aski da! Nekatuta eta kokoteraino gaude! Lehenik eta behin, Alemaniako Gobernuari Dabiden berehalako askatasuna exijitzen diogu, bere eskubideak onartuak izan daitezen. Gurekin batera Bilboko kaleetatik barna egotea aldarrikatzen dugu.

Dabidek, 6 egun daramatza Alemaniako espetxe batean gatibu. Osteguneko gauerdian, 00:30ak aldera, lagun batzuekin Hanburgoko taberna baten kanpoaldean afaltzen zegoen bitartean, alemaniako poliziak atxilotu eta hortik aurrera bere inguruan daukagun informazio eza salatu nahiko genuke. Azpimarratu nahiko genuke, Dabid ez zutela Hanburgon gertaturiko istilu edo bertan buruturiko ekimenetan atxilotu, lagun kuadrilarekin afaltzen zegoela baizik.

Dabidi eta Hanburgon atxiloturiko gainontzeko kidegoari salbuespen legedia ezarri zieten, honek dakarren guztiarekin. Dabid, gatibu hartu eta 16 ordura komisaldegitik epaile baten aurrean bistilla bat egitera eraman zuten, berarekin konfiantzazko abokatua egotea ez ziotelarik onartu berak bere burua Dabiden abokatu bezala aurkeztu arren. Egun hauetan zehar 200 atxiloturik gora eta 50 bat lagun erretenitu ditu bertako poliziak, horietatik egun 43 bat lagun geratzen direlarik bertako espetxeetan eta hoien artean Dabid.

Egun, Dabid eta Hanburgon atxiloturiko gainontzeko kideak ziurgabetasun eta babes juridikorik gabeko egoera kafkiano baten aurrean aurkitzen dira. Alemaniar estatuaren gatibu izanik, babesgabetasuna da haien egoera juridikoaren adierazle nagusiena. Abokatuak astelehenen eta asteartean zehar Dabid askatzeko prozedura desberdinak zabaldu dituen arren, prozedura horiei begirako erabakia hartzeko epaileak 15 eguneko tartea dauka, jakin badakigun arren, instrukzio epea bere nahi eta borondatearen arabera nahi beste luzatu dezakeela.

Gaur da eguna non abokatuak ez dakien zer den Dabidi leporatzen diotena. Astelehenean epaileari galdera luzatu arren, oraindik ez dakigu zer leporatzeko asmoa duten eta beraz, aipatu bezala, ziurgabetaun egoera horretan, balizko defentsa juridiko eraginkorra prestatzeko informaziorik ez du abokatuak.

Jarraitu irakurtzen

Orriak

Subscribe to Askapena RSS
randomness